Puntu more barik, baina laguntza emateko prest

Imanol Beloki Unamuno 2024ko eka. 27a, 18:42

Eskoriatzako Txoko Feminista inauguratu zuten egunean, herritarrak informazio-gunean.

Aurten ez da puntu more edo arreta punturik egongo San Pedro jaietan. Hala ere, festetarako, erasoen aurkako protokoloa martxan jarri dute herriko talde feministek. Horrekin batera, Eskoriatzako Udalak zenbait ohar jakinarazi ditu jaien ekintzen baitan.

San Pedro jaiek iraun bitartean, hau da, ekainaren 28tik (18:00) jaiak amaitu arte, eskura egongo da arretarako telefono-zenbakia (666 72 34 33), 24 orduz; herriko feminista taldeek gestionatuko dute.

Laguntza emateko prest

Jaietan erasoren bat gertatzen bada, lehenengo arreta eta laguntza, informazioa eta aholkularitza emango dutela jakinarazi dute Eskoriatzako talde feministetako ordezkariek. Horrez gain, beharrezkoa bada larrialdietako telefonora deitzea (112) eta informazio gehiago behar izanez gero ere, emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio eta arreta zerbitzura deitu (900-84 01 11) daitekeela jakinarazi dute. Azpimarratu dutenez, jaietako egitarauarekin batera, erasoen aurkako protokoloa laburbiltzen duen diptikoa bidali dute etxe guztietara, herritarren eskura egoteko. Horrekin batera, informazioa emateko kartelak jarriko dituzte herrian.

Talde feministek erasoen aurrean jarduteko protokoloa jarri dute martxan

Zutik eta elkarrekin kartela.

Jakinarazpenak, webgunean

Eskoriatzako Udalak jakinarazi duenez, egitarauan egon daitezkeen aldaketa guztiak Eskoriatza.eus webgunean iragarriko dituzte, edo Eskoriatza aplikazioan. Eguraldiagatik edo bestelako arrazoiren bategatik egitarauan aldaketaren bat eginez gero, udal webgunean iragarriko dute, eta aplikazioa instalatuta eta mezuak jasotzeko aukera aktibatuta dutenek aldaketa horren berri ematen duen ohartxoa jasoko dute. Baina horretarako, beharrezkoa da aplikazioaren ezarpenen eremuan Jakinarazpenak jasotzea onartzen dut klikatuta izatea.

Udalaren oharrak

"Autobus zerbitzu berezirik ez da izango; Jose Arana kalea, berriz, gaur 12:00etan itxiko dute eta jaiak bukatu arte, uztailaren 2ko 09:30ak arte, itxita mantenduko dugu; azpimarratu behar da Euskal Jai Eguneko bazkaria plazan egin beharrean errepidean egingo dugula, Jose Arana kalea itxita dugula aprobetxatuz. Berezitasunei dagokienez, umeen danborrada 12:00etan egingo dugu, eta ez arratsaldez, orain arte moduan…", adierazi du Arantza Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak.

Zarimutzen ospakizuna

Urtero moduan, Zarimutz elizatean San Pedro eguna ospatuko dute hilaren 29an. 12:00etan meza izango dute, Gesalibarko eta Garagartzako koruak lagunduta, eta ostean luntxa izango dute, trikitilariek lagunduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak