Jaietako ekintza garrantzitsu bat izaten da gazteendako kuadrillen arteko jolasena. Domekan ospatuko da Kuadrilla Eguna, eta bazkalostean, 17:00etan, XI. Banderia izango da jokoan.
Azken bi urteetako jolasak antolatzen ibili den kuadrillak erreleboa pasa dio 2002an jaiotako kuadrilla bati, eta haiek arduratu dira aurtengo jolasak zehazten. Txosna Batzordeko kide Leire Lezetak aurreratu du jolasetan urtero errepikatzen direla joko "historiko" batzuk; esaterako, kuadrillen arteko zaku lasterketa eta faboritoetako bat izaten den urez ahalik eta azkarren bete beharreko botilarena. Duela pare bat urte ere sartu zituzten beste era batzuetako jokoak: galderei lotutakoak eta mimika jolasak. Eta aurten, oraindik ez dituzte aurreratu nahi nolakoak izango diren.
Lehia estua, baina pike "sanoa"
Lezetak adierazi du egun horretan pike "sanoa" egotea aldarrikatu nahi dutela: "Pikea egoten da kuadrillen artean, eta normala da, jaien emozioaz gain irabazi egin nahi izaten delako. Baina aurtengo helburua da pike hori sanoa izatea. Izan ere, iaz egon ziren jarrera batzuk ez zirenak guztiz egoki ikusi, eta aurten espero dugu, behintzat, pike hori sanoa izatea eta denok disfrutatzea. Irabazi edo galdu, baina denok gozatzea".
Askotariko ekintzak egitarauan
Hainbat nobedade daude egitarauan. Esaterako, hilaren 28ko danborrada egunean, txosnen irekiera Aretxabaletako oihal akrobaziakoek egingo dute. Eta egun hori LGTBIQ+ mugimenduaren aldeko eguna izanik, drag showa egingo du 01:30ean Andregina artistak.
San Pedro egunean egin izan duten Zeuk iñ, zeuk jan bazkaria aurten ez egitea erabaki dute, eta horren ordez merendola egingo dute. Eta 21:00etan hasiko diren kontzertuetan, esaterako, herriko mutil talde batekin osatutako Terrible π! taldeak joko du. Ostean izango dira Korda Rota, Herdoil eta La Txama.
Kuadrilla Egunean, hilaren 30ean, eguerdian, Marianitada egingo dute eta Inkernu kanpoko plazatxoan reggae eta ska estiloetako musika egongo da. Gauerdian hasiko diren kontzertuetan, berriz, Kaparrak eta Trikidantz izango dira.
Euskal Jaiaren Egunean, uztailaren 1ean, zumba herrikoia egingo dute, 01:30ean hasita. Gasteizko Judizmendiko hirukote bat etorriko da hori gidatzera, eta gero, DJ Ittaurrenen saioa egongo da.
Batzordekoek adierazi dute "txosnagunea denongandik eta denondako sortutako gune segurua" izatea nahi dutela, eta, errespetutik, ondo pasatzeko.