Zapatuan jokatuko dute Kontzejupe Eskupilota Txapelketa, eta, pilota txokoan edo zabalean uzteaz batera, kosketara bideratu beharko dute pilota parte-hartzaileek, aurkariek eramateko zailtasunak izan ditzaten.
Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatzen duen txapelketaren urteurren berezia izanda, egunerako dena prestatzen izan dira egunotan, eta, azken orduko izen-ematerik ez bada izan, guztira, hamaika bikote arituko dira zapatuan, 10:00etan hasita, eskupilota txapelketa berezi horretan lehian.
Nagusien txapelketa
Zapatu honetan jokatuko dutena nagusien txapelketa izango da, 16 urtetik gorakoena. Haurren txapelketa ere jokatu da aurtengo edizioan, joan den domekan; eta zenbait ediziotan emakumezkoen kategoria ere osatu da. Hori horrela, partidu ederrak ikusteko aukera izan dute urte hauetan guztietan. Hauxe dio antolakuntza taldeko Enrique Iregik: "Azken urteetan Edorta Zubizarretak eta nik bikote egin dugu txapelketan. Irabazi izan dugu edizioren bat, baita finalera iritsi ere. Horrekin batera, Felix Diaz de Gereñurekin irabazi izan dut, eta beste hainbat herritar ere aritu izan da; ondo jokatzen, gainera: Felipe Diaz de Gereñu, Angel Kortazar, Julian Mari Ezeiza, Gracia, Boliña… Jende pila bat aritu da hemen. Zapatura begira, talde polita osatu da, gaztea, eta lehia bizia izango da".
Partiduak 25 tantora
Azken bi edizioetan moduan, garagardoa jarriko dute antolatzaileek parte-hartzaileentzat. Multzotan banatuko dituzte bikoteak, eta partiduak 25 tantora izango dira. Gainera, baldintza ugari ezarri dituzte, eta lehiaketa hasi aurretik emango dizkiete azalpenak jokalariei; honako hauek dira horietako batzuk: "Sakean erdiko marra pasa behar du pilotak, baina sabaia jotzen badu txarra da; sakeak, gainera, ezkerreko hormara bideratutakoa izan behar du; erreboteak balio du, kontzejupeko paretetan dauden koskek, eta udaletxeko atean daudenetan ematen badu pilotak, ona da…".
Edorta Zubizarreta eta Enrique Iregi, Antolakuntza taldeko kideak:
"Indarra baino garrantzitsuagoa da pilotarekin txokoak bilatzea"
Kontzejupeko beteranoak dira Zubizarreta eta Iregi. Jokoan aritutakoak dira, baina azken urteetan antolatzaile gisa ari dira. Hala, ondo ezagutzen dute bertako jokoa.
Zein da trukoa Kontzejupe Eskupilota Txapelketan?
Zubizarreta: Pilotan ondo jokatzea garrantzitsua da, baina indarra izatea ez da ezinbestekoa. Txokoak ezagutu behar dira, eta pilota koska horietan sartzen saiatu behar da.
Iregi: Zehazten ditugun baldintzak ezagutu behar dira. Sabaian jotzen badu pilotak edo fokuetan, ona da; kanpoaldean, koskan jotzen badu eta botea barruan, ona da, errebotea, udaletxeko atea… Parte-hartzaile asko hilabete lehenago etortzen dira eremuan praktikatzera, eta hori ere garrantzitsua da.
Azken urteetan giroa ere handitu dela esango zenuke?
Zubizarreta: Bai. Parte-hartzaileen partetik, eta baita ikusleen aldetik. Duela bi urte Apotzagan egin genuen lehenengoz afaria parte-hartzaile guztiekin, eta izandako arrakastaren ostean iaz ere egin genuen. Aurten, berriz, Txalapartan afalduko dugu.
Iregi: Bertan arituko direnez gainera, azkeneko partiduetara joaten da jendea iluntzean, eta oso giro ona izaten dugu.
Haurren txapelketa jokatu da
Haurrentzako Kontzejupe Txapelketa egin zuten joan den domekan. Iaz ez zuten egin, ez zuelako inork izenik eman, baina aurten taldetxoa batu da, eta 16 eta 18 tantora aritu ziren zenbait gaztetxo eskupilotan.