Maier Mediavilla: "Ikasleak izango dira protagonista nagusiak"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko eka. 25a, 11:00

Maier Mediavilla eskoriatzarra Tximeleta gelan.

Sanpedroei hasiera emateko ardura izango dute Tximeleta gelakoek, eta protagonista nagusiak ikasleak izango dira: Imama Lehsen, Peio Mendizabal eta Manahil Afzaal.

Maier Mediavilla (Eskoriatza, 1996) irakasleak gidatuta, San Pedro jaietako txupinazoa bota eta pregoia irakurriko dute udaletxeko balkoitik 2014-2015eko ikasturtean gizarte inklusiboa lortzeko bidean sortu zen Eskoriatzako Tximeleta gelako kideek. Ekainaren 28an, San Pedro bezperan, 19:00etan izango da ekitaldia, Fernando Eskoriatza plazan.

Jaiei hasiera emateko ardura izango duzue; prest zaudete?

Gu hautatu gaituzte gela bezala pregoirako, eta pozik gaude. Luis Ezeiza Herri Eskolako Tximeleta gela, Aspaceko gela garen aldetik, guretzat sekulako aukera da eta ilusioz gaude aurtengo jaiei hasiera emateko.

Nortzuek osatzen duzue Tximeleta gela?

Aspacek duen gela egonkor bat da, eta Luis Ezeiza Herri Eskola barruan kokatzen da. Hau da, Aspaceko gela gara, baina baita eskolakoa ere. Tximeleta gelatik haur asko pasa dira, baina momentu honetan, gaur-gaurkoz, hiru ikaslek osatzen dute gela: 11 urte dituen Imama Lehsenek, 8 urte dituen Peio Mendizabalek eta 6 urteko Manahil Afzaalek. Ikasleez gain, hainbat profesionalek esku hartzen dugu: hezitzaileak, logopeda, fisioterapeuta, irakaslea, terapeuta okupazionala… Talde zabala gara.

Joan den astean, Luis Ezeiza Herri Eskolan,Tximeleta gelako kideak talde argazkian.

Prestatu duzue ezer ekitaldirako ala horretan ari zarete?

Oraindik ez dugu guztia estrukturatuta, eta gauzak lotzen ari gara. Nola egingo dugun ez dakigu, baina mezua, berriz, oso argi dugu: gure egunerokotasunean egiten eta zabaltzen dugun mezu bera helaraziko diegu herritarrei. Argi daukagu protagonista nagusiak ikasleak izango direla.

Aitortza ekitaldia ere izango da zuentzat Eskoriatzako Udalaren partetik?

Alde batetik, nor garen ikusteko, guk egiten dugun lana eta guretzat hain garrantzitsuak diren mezuak herrira zabaltzeko, eta, nola ez, gure ikasleak, lehenengo mailako ikasle izateaz gain herritarrak diren aldetik ere, haien eskubideak ere bermatzeko hitzordua izango da.

Azken mezurik?

Aurtengo jaiak eta datozenak denondako izatea. Hau da, edozein ezaugarri, gaitasun, behar… dituzten pertsonendako jaiak izatea, eta, bide batez, herritarrek ondo pasa dezatela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak