Programazio betea aurkeztu du beste urte batez Eskoriatzako Udalak, eta, jaiei hasiera emateko ardura Tximeleta Gelak izango da. Hau da, Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolako Aspace-ko gela egonkorrekoek. Maier Mediavilla –Tximeleta Gelako irakaslea– eskoriatzarraren ardurapean, hamaika urteko Imama Lehsen, zortzi urte dituen Peio Mendizabal, eta, sei urteko Manahil Afzaal ikasleak izango dira protagonistak.
Azpimarratzeko hitzorduak
Ekitaldi nagusiei dagokienez, San Pedro bezperan nagusien danborrada izango da beste urte batez; San Pedro Egunean, berriz, sokamuturra izango da iazko arrakasta errepikatzeko asmoz, Akelarre Foc ikuskizun piroteknikoa… Ekainaren 30ean, berriz, Los Zopilotes Txirriaus talde nafarra izango da beste behin Eskoriatzan, eta, jaiak borobiltzeko, Euskal Jaia izango da.
Txosna Batzordea gogoz
Eskoriatzako Txosna Batzordeak bestalde egitarau propioa ere antolatu du egunez-egun. Aipatzeko da logo berria estreinatuta hasioko dituztela festak, eta, honakoak dira azpimarratzeko hitzorduak: San Pedro Egunean, Terrible π!, Korda Rota, Herdoil eta La Txama taldeen kontzertuak izango dira. Kuadrillen Egunean, berriz, XI. Banderia jokatuko da, eta kontzertua egongo da Kaparrak taldearekin eta erromeria Trikidantzekin…
Gaur jarri dituzte Kuadrilen Egunerako bazkarirako txartelak salgai, Inkernu tabernan, 15 eurotan, natxoak guakamolearekin eta paella balentziarra izango da menua, 15 eurotan, eta begetarianoa edo beganoa nahi duenak txartela erostean abisatu beharko du. Txartelak erosteko azken eguna, hilaren 23a izango da.
Guztira, 75.507 euro gastatu ditu Eskoriatzako Udalak jaiak aurrera eramateko, eta, Eskoriatzako Jai Batzordeak eskerrak eman dizkie egitarau hau egiteko beraien laguntza eskaini duten herritar eta talde guztiei.