Urtero bezala, ekaineko bigarren zapatuan ospatuko da Luis Ezeizako Herri Eskolako Eguna. Adin guztietarako jardueraz betetako eguna izango dute, eta, beti bezala, haurrak izango dira protagonistak. Herri eskolako irakasleek goizeko ekintzen ardura hartuko dute, batez ere, eta arratsaldeko ekintzen ardura, berriz, Koldotxo Guraso Elkarteko kideek izango dute. Aurten berritasun bat ere badute egitarauan; izan ere, herriko txarangak kalejiran parte hartuko du, 10:00etatik 11:00etara bitartean.
Egitaraua
10:30 Kalejira eskolatik plazara
11:00 Ikasleen emanaldia plazan
11:30 Tailerrak eta jolasak plazan
13:00 Buruhandiak
14:00 Bazkaria Luis Ezeizako patioan
15:00 Haur parkea eta apar festa
18:30 DJa plazan
Haurrentzako ekintza ugari
10:00etan hasiko dira, pregoiarekin eta kalejira batekin herrian zehar, eta, horretarako, Ad Libitum txarangaren laguntza izango dute. 11:00etan, berriz, ikasleen emanaldiak izango dira Fernando Eskoriatza plazan. "Haur Hezkuntzako 2, 3, 4, eta 5. mailetakoen dantzak izango dira; gero, Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetakoen dantza; eta ondoren, hirugarren mailakoena. Aurkezpenak bertsotan egingo dituzte laugarren mailako ikasleek", adierazi du Maitane Gomez de Segurak, Luis Ezeizako irakasleak. Ondoren, jolasak eta tailerrak izango dituzte: aurpegiak margotzea, karaokea, herri kirolak… eta ondoren, buruhandiak aterako dira. Bazkaria, berriz, eskolako aterpean egingo dute, eta catering-enpresa batek egindako paella jango dute. Gero, Kurtzebarriko DBH-3ko ikasle ohiak kafea eta pastak eramatera joango dira, ikas bidairako dirua lortzeko. Bazkalostean, euskal kantak abestuko dituzte eta bingoan arituko dira. Arratsaldean puzgarriak eta apar festa izango dituzte –euria egiten badu, beste asteburu batean egingo dira ekintzak–. Eguna amaitzeko, aldiz, 18:30ean DJa izango da Fernando Eskoriatza plazan.
Eskolako kamiseta jantzita
Eskolako kamiseta arrosa jantzita joateko dei egin dute antolatzaileek. Hala, goizean goizetik eta egun osoan Eskoriatzako kaleak arrosez beteta izateko. Kolore arrosak esanahi ugari ditu; tartean, positibismoa eta inozentzia, baita edertasuna ere. Beraz, edertasunez beteko dituzte herriko kaleak zapatuan.