Baserriko produktuak eta elikagaiak, artisautza eta bestelako tresneria batzen dituen azoka egingo dute zapatu honetan Eskoriatzan. Hain zuzen ere, Arizmendi Ikastolako Jose Arana guneak antolatzen duen hogeita seigarren edizioa izango da, eta, guztira, 83 postu izango dira Jose Arana kalearen eta Santa Marina plazaren artean. Artisautza postuak 61 izango dira, eta horietatik hemeretzi eskoriatzarrek jarritakoak izango dira; elikagaienak, bestalde, 22 izango dira, guztira, eta horietatik zazpi eskoriatzarrek jarritakoak.
50 boluntario inguru lanean
Azokaz gain, egun osoko egitaraua dago programatuta egunerako, eta horiek guztiak aurrera eramateko hainbat lantalde arituko dira lanean. "150 pertsona inguru arituko dira ferian boluntario. Talo-postuan, San Pedro elizako arkupeetan 40 lagun inguru arituko dira lanean; goizean postuen muntai lanetan eta gero dena jasotzen ere beste hainbat… Horrekin batera, egitarauan azpimarratzekoak dira 13:00etan Ikusgarri izenpean Mikel Lasarte irurtzundarrak motozerrarekin egingo duen egur-lanketa erakustaldia, Jose Aranan, eta herrian zehar jarriko den argazki erakusketa. Azken horri dagokionez, leku bakarrera mugatu gabe, hainbat tokitara banatzea erabaki dute. Beraz, horiek ikusteko, azokan zehar ibili beharko dute herritarrek", adierazi du Lierni Altunak, Arizmendiko Jose Arana guneko irakasleak.
Mikel Lasartek motozerrarekin egur-lanketa erakustaldia egingo du
Haurrentzako ekintza ugari
Hitzordu horiez gain, urteroko ekintzek ez dute hutsik egingo Eskoriatzako Ferixien. Esaterako, XV. txorimalo lehiaketa egingo dute nerabe eta haurrentzat. Jose Arana gunearen kanpoaldean egingo dituzte, erreka alboan. Horrekin batera, haurrentzat eta gazteentzat prestatuko dituzten tailerrak eta puzgarriak izango dira ikastolako jolastokian; XI. txapel jaurtiketa txapelketa ere egingo dute, Jose Arana kalean, Laboral Kutxa parean; ekoizleei zuzenduta, bestalde, XIV. gazta dastaketa eta txapelketa egingo dituzte, Santa Marina plazan.
Dantza eta musika
Bazkaria Zuk ekarri zuk jan estiloan egingo dute, Fernando Eskoriatza plazan. Herritarrek euren bazkaria eramango dute, aurrez mahai eta aulki erreserba eginda. Hala ere, bapo jateaz batera, dantzek eta musikak euren lekua izango dute. Esaterako, Gorosarri dantza taldeak erakustaldia egingo du 12:15ean, Gorosarri plazan. 19:30ean, berriz, dantza taldeko kideek zein egunerako prestatzen aritu diren hainbat herritarrek larrain dantza, arin-arina eta fandangoa dantzatuko dute Fernando Eskoriatza plazan; eta, ondoren, erromeria izango da Imanol Intxaustirekin eta Iñaki Larrañagarekin.
Nara Dominguez: "Bailarako artisauei ateratako argazkiak erakutsiko ditut"
Nara Dominguez (Eskoriatza, 1987) erretratuetan espezializatutako argazkilaria da. Madrilen bizi da eta Ferixaren 26. edizioan Lanederra! izenpean argazki erakusketa jarriko du ikusgai. Bailarako zenbait ekoizle eta artisau erretratatu ditu eta Euskal Herriaren kultura eta tradizioaren parte izan diren eta oraindik indarrean dauden lanen historia erakutsi nahi du.
Zer batzen du Lanederra! izeneko argazki erakusketak?
Zortzi argazki batzen ditu lanak, eta protagonista guztiak debagoiendarrak dira. Urteetan zehar egin diren eta oraindik bailaran egiten diren lanbideak batzea izan da asmoa, galtzear daudenak. Azken belaunaldiko artisauak dira, eta ogibide bakoitzaren atzean dauden istorioak kontatzeko eta euskal kulturaren artxibo bisual bat sortzeko asmoz egindako lana da.
Nola erabaki zenuen bailarako ekoizleak protagonista dituen erakusketa hori egitea?
Iaz, Estela de Castro erretratugilearekin ikastaro bat egin nuen, eta horren ostean erabaki nuen proiektu hau egitea. Lan hau Eskoriatzan egin nahi nuen, bertakoekin, eta urtebete daramat proiektu honekin. Beti enkargu bidez egin dut lan, eta hau ezberdina izan da; gogorrena produkzio lana izan da. Zapatuko azokan egongo dira argazkietako artisau guztiak, edo handik pasako dira; beraz, euren erretratuak ikusteak ilusioa egingo dielakoan nago.