Eskoriatzako Udalak berdintasun diagnostikoa osatzeko prozesua martxan jarri du Emun aholkularitzaren laguntzarekin. Diagnostiko horren helburua herriko errealitateak ezagutu eta genero-berdintasuna lortzeko eman beharreko pausoak identifikatzen laguntzea da.
"Azken urteotan mugimendu feminista indarra hartzen joan da herrian, baina, Eskoriatzako Udaletik ez da ezer egin berdintasun ikuspegitik. Beraz mugimendu feministarekin elkarlanean koordinatuta, berdintasun plana egitea nahi dugunez, garrantzitsua iruditzen zaigu etorkizuneko Eskoriatza irudikatzea. Horretarako, hausnarketa prozesua hasiko dugu orain, eta lehen fasea amaitzeko maiatza amaieran galdetegi bat zabalduko dugu online eta paperean herritarren artean; erronkak definitzea etorriko da gero", adierazi du Irati Iglesiasek, Eskoriatzako Udaleko Berdintasun Saileko zinegotziak.
Talde-bilerak kultura etxean
Informazioa biltzeko Emun Aholkularitzako teknikariek Eskoriatzako herritar-kolektiboekin talde-elkarrizketak egingo dituzte, gaur egun genero-berdintasunari dagokionez herrian dauden arazoak, beharrak, kezkak… zeintzuk diren gertutik ezagutu eta aurrera begirako erronkak identifikatzeko. Talde elkarrizketa horiek, ondorengo egun eta orduetan egingo dira, honako kolektiboekin: Maiatzaren 16an, eguena: Migratutako emakumeak (10:30ean), Hezkuntza formaleko eta ez formaleko eragileak (15:00etan) eta Mugimendu feminista (18:00etan). Hilaren 21ean, martitzena: Adineko emakumeak edo/eta emakume pentsiodunak (10:30ean) eta Herrigintzako emakumeak (18:00etan). Amaitzeko, maiatzaren 22an, eguaztena: Herrigintzako gizonak (18:00etan).
Talde-elkarrizketak kultura etxeko lehenengo solairuan egingo dira, eta Udalak interesa duten herritar guztiak parte-hartzera gonbidatu nahi ditu, "ahalik eta diagnosi osatuena egiteko".