Iñaki Kortazar: "Orain heldu da gazteei testigua emateko unea"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko api. 12a, 10:37
Iñaki Kortazar, Inkernu taberna kanpoan.

Iñaki Kortazar Arana (Eskoriatza, 1983) Inkernu tabernan antolatzen diren musika kontzertuen atzeko lana egiten aritu da 20 urtez. Hala ere, orain, erreleboa emango die Aitzol Zubizarreta eta Iñaki Santamaria gazte eskoriatzarrei.

Inkernu tabernako kontzertuak antolatzen 20 urtez aritu ostean, testigua gazteagoei emateko erabakia hartu duzu; zer dela eta?

Garrantzitsua da erreleboa prestatu eta ematea. Denbora bat dela hasi ginen testigua emateko norbaiten bila; aire freskoa, ilusioa eta ideia berriak behar zirela ikusten genuen. Orain heldu da momentua gazteei testigua emateko eta haiek bide berriak irekitzeko. Gogotsu ikusten ditugu, eta oso pozgarria da hori elkartearentzat eta herriarentzat. Orain arteko eredua jarraitzea izango da helburua.

Inkernun izan diren emanaldi guztietatik zein izan da zuretzat gogoangarriena? Azpimarratzekorik?

Denak izan dira bereziak; kontzertu bakoitzak izan du bere xarma eta bere istorioa. 150 emanalditik gora egin dira Inkernun eta denak eta bakoitza gogoratzen ditut. Batzuk aukeratu beharko banitu, nahiz eta ez den erraza, maitasun bereziz gogoratzen ditut nazioartetik etorritakoak: Irlandatik etorritako Big McFarlan & Terry O'Neill, Kataluniako Eina taldea, Taiwandik etorritako Go Chic eta Japoniako Taiuta taldea, adibidez. Etxekoei dagokienez, Governorsen, Goseren, Laurobaren eta Izaroren hasierako kontzertuak aipatuko nituzke, eta Deabruak Teilatuetan eta Iskanbila eszenan berriz ere agertzeko momentuak.

"150 emanalditik gora egin dira Inkernun eta denak eta bakoitza gogoratzen ditut"

Nola izan da kontzertuak antolatzeko modua?

Taldeekin kontaktuan jarri, eta orduan hasten da harreman guztia. Erreparorik gabe kontaktatu ditugu taldeak, eta sorpresa politak izan ditugu. Sekula taberna txiki batean imajinatuko ez genituzkeen taldeak izan ditugu gurean, eta, kontzertuaz gozatzeaz gain, lagun onak ere egin ditugu. Hasieran, hilabetean behin antolatzen genituen kontzertuak, eta hemen ezinbestekoa izan zen Andoni Zubiagaren laguntza. Hark ekarri zituen Inkernura eszenatoki eta lona zahar bat, eta orduan hasi zen dena. Gainera, hura izan da kontzertu gehienei soinua jarri diena. Ostean, beste kide batzuk izan ditugu lan hori egiten. Kostuari dagokionez, elkarte bat izanda, aurrekontu mugatua izan dugu beti.

"Hasieran, hilabetean behin antolatzen genituen kontzertuak, eta hemen ezinbestekoa izan zen Andoni Zubiagaren laguntza"

Denen gustura antolatzea ez da erraza izango, ezta?

Beti ahalegindu izan gara estilo ezberdinak ekartzen eta aukerak ematen taldeei: bakarlariak, hasiberriak, ibilbide luzea duten taldeak… Eta estiloarekin, berdin. Denetik entzun, ikusi eta gozatzeko aukera izan dugu.

Tabernaren espazio txikia arazo izan da?

Musikarientzako plaza erosoa da Inkernu; ikuslea gertu, bero eta gogotsu. Eszenatokitik eskertzen da publikoa gertu izatea eta espazio intimo batean jotzeko aukera izatea. Espazioa baino gehiago, giroa da azpimarratzekoa. Txikia baina handia dela Inkernun jotzea esan digute.

Ezinbestekoa da kontzertuak antolatzen jarraitzea?

Ezinbestekoa baino gehiago, herriarentzat eskaintza kultura osatzeko aukera bat da kontzertuak antolatzea. Berez herriak eskaintzen duenari ekarpena egitea eta osagarritasuna bilatzea izan da beti gure helburua.

Maiatzeko bigarren asteburuan ospatuko duzue Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguna. Horretan ere buru-belarri aritu zara dena antolatzen. Programa prest duzue? Errekan Gora jaialdia, berriz, irailaren hirugarren asteburuan. Hori ere lotzen?

Maiatzaren 11ko egitaraua prest eta itxita dago. Apirileko hirugarren astean kaleratuko dugu egitaraua; beraz, astetxo bat itxaron beharko dute interesdunek. Errekan Gora jaialdiaren egitara ere ia prest dugu, eta itxura ederra dauka aurtengo jaialdiak. Sorpresa bat baino gehiago antolatu ditugu aurtengo menuan, eta laster argitaratuko den teaser-ean izango dituzue ikusgai lehenengo osagaiak.

Erreleboa eman arren, Inkernuko oholtzatik gertu ikusiko zaitugu? Antolaketan laguntzeko gertu hala ere, ezta?

Noski! Beti egongo naiz gertu eta prest laguntzeko. Kontzertuez gozatu eta beste leku batetik entzun eta ikusiko ditut proposamen berriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak