Luis Ezeiza Herri Eskolako mural zati bat erre dute

Itziar Larrañaga Sarasola 2024ko api. 2a, 13:18

Bart murala erretzen (Argazkia: Luis Ezeiza Herri Eskola)

Bart komunitatean sortutako mural zati bat erre dute Luis Ezeiza Herri Eskolan, Kulunka haurreskolaren parean. "Mina" eragin du eskolan, izan ere, gogoratu duten moduan, "hainbat izan dira" azkenaldian jasan dituzten erasoak. Eskoriatzako Udalak ere erasoa gaitzetsi du.

Erasoak baino, "norbaitzuk ondo pasatzeko erabiltzen dituzten moduak" direla pentsatzen dute eskolako ordezkariek, eta ez direla konturatzen zein min eragiten duten besteengan.

Eskoriatzako Udalak ere irmoki gaitzetsi du gertaera, eta garbi utzi nahi izan du horrelako ekintzak "onartezinak" direla, eta gainera, herritarren segurtasuna "urratzen" dutela.

Esan bezala, ez da Herri Eskolan jasaten duten lehen erasoa eta Luis Ezeizatik horietako batzuk zerrendatu dituzte. Azaldu dutenez, neguko oporretan, eskolako buzoian petardo bat sartu zuten eta sutearen alarma joka hasi zen. Bosgarren buzoia ere txikitu nahi izan zietela zehaztu dute, "aurreko guztiak bezala". Horiek ez ezik, Ping-pongeko mahaiak eta Kulunkako horman dagoen rokodromoaren izkinak ere erreta azaldu izan direla azaldu dute; baita, ikasleek Garaioneko hezitzaileekin sortutako zumitzezko tunela apurtu zutela; ludotekako erabiltzaile eta langileek jarri zuten doluaren zuhaitza puskatuta azaldu zela; kanpo espazio osoko hormak pintadaz josita daudela, horietako batzuk "lotsagarriak", gainera, etab.

Luis Ezeiza Herri Eskolatik azpimarratu nahi izan dute, herriko eskola dela Luis Ezeiza, "herriarena eta herriarentzat"; eta honenbestez, irekia dagoen eskola dela, guztientzat erabilgarria izan dadin. "Guztion artean guztiona dena zaintzea ez litzateke hain zaila izan behar. Errespetuz jokatu dezagun eta zaindu ditzagun espazio, material eta besteon sorkuntzak, bizikidetza egoki baterako ezinbestekoa baita", esan dute erasoaren ostean. Eta gaineratu dute, Luis Ezeiza Herri Eskolak, "orain arte bezala, elkarlana, errespetua eta bizikidetza lantzen" jarraituko duela.

Ildo beretik, Udaletik azpimarratu dute "errespetua eta bizikidetza" funtsezkoak direla uste eta sinesten dutela. Eta, adierazi dute, egindako kalteak "ahalik eta azkarren" konponduko direla. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak