2022an, alegia, Axtrokiko Ontzien aurkikuntzatik 50 urte bete ziren urtean, Eskoriatzako Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearen komisariotzarekin, urteurrena ospatzeko erakusketa txiki bat antolatu zuen Ibarraundi museoan. Orain, proiektu hori osatzeko, liburu bat idatzi dute, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera baita ere. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Espainiako Arkeologia Museo Nazionalaren laguntza jaso du argitalpenak.
Aurkezpenaren ostean, hitzaldia
Axtroki liburua Aranzadi Elkartekoek idatzi dute, eta bertan, batez ere, 2022an egindako Axtroki, urrearen magia erakusketan adierazi zirenak jasotzen dira. Horrekin batera, urrezko ontziak aurkitu zituztenen ondorengoak, hau da, haien alabak, batu ditugu eta elkarrizketak egin dizkiegu; ontziak aurkitu zituzten garaian gai horrekin ibili ziren hainbatekin ere batu gara… Eguaztenekoa liburuaren aurkezpen labur bat izango da", adierazi du Saioa Altzuak, Eskoriatzako Udaleko Ingurumen Saileko teknikariak.
Liburuaren aurkezpenaren ostean, berriz, Xabier Peñalver arkeologoaren eta Aranzadi Zientzia Elkarteko langilearen hitzaldia izango da. Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatzen dituen 22. Arkeologia Jardunaldien baitan emango da saioa, eta berbaldia gazteleraz izango da. "2010ean urrezko ontziak aurkitu zituzten eremua babesteko txosten bat egin behar zen, eta Xabier Peñalver eta Eloisa Uribarri arduratu ziren lan horretaz. Peñalver eminentzia da Burdin Aroan, eta, Eskoriatzako Axtrokiez gain, garai hartan gure inguruan zer zegoen azalduko du, besteak beste, modu orokorrean", azaldu du Altzuak.
Ontzien aurkikuntza
1972ko abuztuaren 17an aurkitu zituzten urrezko ontziak, ustekabean, Axtrokiko haitzaren magalean, Eskoriatzako Eraña auzotik eta Bolibar elizatetik gertu, luizi baten ondorioz hango baserritar batzuk errepidea garbitzeko auzolanean ari zirela. Egun hartan elkartu ziren baserritarrak Joxe Joakin Iñurrategi (Erañaldegoikoa), Teodoro Martinez (Erañazpikoa), Luis Mari Ulibarri (Erañagoiti) eta Bitoriano Zubia (Erañaldebekoa) izan ziren. Ontziak herriko agintarien esku utzi ondoren, zaintza kateak bere bidea egin zuen. Izan ere, Tomas Rubio praktikanteari eta auzoko parrokoa zen Kruz Abarrategiri iritzia eskatu zitzaien, eta, haien guztien esku-hartzeari esker, hemengo arkeologiaren altxor hau salbatu ahal izan zen. Inongo testuinguru arkeologikorik gabe aurkitu zirela eta, haien jatorria, dekorazioen esanahia eta funtzioa interpretazio eta hipotesi askoren abiapuntu izan dira. Dena dela, 1973a ezkero, Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalaren eskumenean daude. Eskoriatzako Udalak kudeaketa ofizialak egin izan ditu Axtrokiko ontziak berreskuratzeko eta Euskal Herrian erakutsi ahal izateko.
Jatorri ezezagunekoak
Pieza horien jatorria ezjakina izanda, tradizionalki, Axtrokiko ontziak luxuzko baxera baten parte liratekeen ontzi edo edukiontzitzat jo izan dira; hipotesi horretatik datorkie deitura. Ondorengo ikerketetan, erritu ezezagunen batean erabilitako kasko edo burukoak izango liratekeela proposatu izan dute.
Ontzien deskribapena
Hona Aranzadikoek ontzien gainean egindako deskribapena: "Esferaerdi itxuran eta urre laminatu nahiko puruz (%88) egindako piezak dira, barnealdetik mailukatutako bozeldura faltsu bidezko dekorazioa izanik. Apaindura hauek motibo geometrikoz osaturiko zerrenda horizontal eta zentrokideez osatuta daude: zirkuluez nahiz C edota S alderantzikatu itxurako ikurrez, esaterako. Ontziek grabatuta dituzten dekorazio geometriko hauek ikur gisa hartu izan dira, eguzkiaren, ilargiaren, izarren edota hegaztien irudikapenekin alderatuz. Dekorazioen kalitatea eta zehaztasuna ikusita, urregintza lantegi espezializatu batean eginiko piezak direla pentsa genezake, artisauak apaindurak modu antolatuan grabatzeko gaitasun handia zuela ondorioztatuz".