Irakaskuntza partekatuaren oinarriak ezagutarazi dituzte gaurkoan Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Hego Euskal Herriko eta Madrilgo eskola batzuetako praktiken berri emanda. Irakaskidetza esperientziatik ikaste-irakaste prozesuetan izenpean, irakaskuntza partekatuaren garrantzia azpimarratu du Karmele Perez HUHEZIko Etengabeko Prestakuntzako zuzendariak; alegia, "ikaskuntza helburuetara iristeko barne hartzen dituen sistema osoa: eskola saioen antolaketa, ikasle eta irakasleen rolak, espazioak, egiteko moduak...".
Esperientziak partekatuz
Mikel Etxaburu Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearena izan da lehen hitzartzea. "Irakaskuntza partekatuaz hitz egiten dugunean, beti ere pertsona zentrotzat hartuta, ekintza kolektibo batez ari gara: elkarrekin planifikatzeaz eta irakatsi eta ikasteko prozesu osoa elkarrekin gauzatzeaz". Haren hitzetan, "diziplinarteko dinamiketan aritu ahal izateko, erreminta oso indartsua da bi, hiru, lau... zazpi irakasle" aritzen diren ikasgeletan jardutea. Hala ere, horretarako, "instituzioen konpromisoaren beharra" azpimarratu du.
Horrez gain, jardunaldian izan da, esate baterako, Ana Hernandez Madrileko Julio Verne Bigarren Hezkuntzako institutuko irakaslea ere, euren esperientzien berri ematen. Eta ondorengo mahai inguruan Gasteizko Sansomendi eta Donostiako Larramendi ikastetxeek eta Zangoza eta Arizmendi ikastolek hartu dute parte.