Inauteri-martitzenerako zenbait ekintza programatu dituzte:
Ikastetxeetako haurren jaialdia
Goizean ikastetxeetako haurrak euskal inauteriz mozorrotuko dira: zanpantzarrak eta galtzagorriak, kaldereroak, txatxoak, Mielotxin eta lamiak... eta denek elkarrekin ospatuko dute inauteriko martitzeneko goiza, Joseba Iñurrategi pilotalekuan dantza-jaialdia eginez. Arratsaldean, berriz, herritarrak animatu nahi dira euskal inauteriz jantzi eta arratsaldeko ekintzetan parte-hartzera.
Kukumarruak puxikak astintzera
Batetik, 17:15ean, Kukumurruak aterako dira urtero moduan, kultura etxetik puxikak astintzera. Kukumarroak basoko izakiak dira, negu amaieran jendea zirikatu eta beldurtzera herrira jaisten direnak. Umeek burla egiten diete "kukumarro txorimalo" esanez. Negua bukatzen ari dela irudikatu nahi du soinean jantzita eramaten duten bildots-larruak, eta udaberria gertu dagoela adierazten du soinean daramaten loredun amantalak. Bildots-puxikak eskuetan, haurrak xaxatu eta beldurtzen dituzte Eskoriatzako inauterietako protagonista diren pertsonaia hauek.
Inauteri dantzak
Kalejira egingo da Joseba Iñurrategi pilotalekuan hasita 18:15etatik aurrera. Euskal inauterian hain ezagunak diren Artza eta Mielotxin protagonista direla Ad Libitum txarangarekin kalejira egingo da, eta herritarrak animatu nahi dituzte Eskoriatzako Udaletik kalejira horretan parte-hartzera. Musika eskolako dantza taldeak eskainiko duen emanaldia, berriz, 18:45ean izango da Fernando Eskoriatza plazan eta bukaeran hitzordu garrantzitsu egongo da: Nasteborraste dantzaren estreinaldia.
'Nasteborraste' dantzaren estreinua
Aratuste-martitzenean, Fernando Eskoriatza plazan estreinatuko duten dantza, Eduardo Gorosarri musikari eskoriatzarrak sortutako izen bereko piezan oinarrituta dago. Eduardo Gorosarri Maiztegi (1889-1947) Eskoriatzan jaiotako musikaria izan zen, txistu, organo eta bestelako musika pieza asko sortu zituena. Nasteborraste pieza hau zehazki zein urtetan sortutakoa den ezagutzen ez bada ere, jakina da 1929an Bilboko Txistulari txapelketara aurkeztu zela eta 1966ko Txistulari aldizkarian publikatu zela. Beraz, aurreikusi daiteke duela 100 urte inguru sortutakoa dela.
Pieza hau txistulari taldeetan oso ezaguna da eta horregatik aukeratu dute Eskoriatzako txistulariek Nasteborraste pieza hau dantzarako. Hori horrela, Behekoerrota musika eskolan irakasle den Idoia Lahidalgak pieza horretan oinarritutako dantza sortu du, aurrerantzean Eskoriatzako inauterietan dantzatzeko moduko pieza erraz eta herrikoia.