TipiTapa guraso elkartea hasi da urratsak egiten

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urt. 12a, 16:22

TipiTapa elkartearen aurkezpena.

6 urtetik beherako haurren zenbait gurasok TipiTapa elkartea sortu zuten abenduan, eta, proiektuaren nondik norako guztiak azaltzeko lehenengo aurkezpena egin ostean, lehenengo hitzaldia antolatu dute hilaren 18rako. Solido bidezko elikadura osagarria izango dute aztergai, kultura etxean, arratsaldeko bostetan. Hizlaria Ainitze Ondarra izango da.

Abenduaren 4an egin zuten haurren garapenerako elkarteko kideek elkartearen gaineko aurkezpena. Ordutik hona "bazkidetza-datu apartak" lortu dituztela adierazi dute TipiTapako kideek; 28 haur eta 23 familia daude, gaur-gaurkoz.

Aurreikusi bako harrera

Euskara ardatz du egitasmoak, eta dagoeneko espazio seguru bat dute Tortolis ludotekan, Eskoriatzako zenbait familiak Gabonetan erabili dutena. Hala, egoteko espazio seguru itxi bat izateaz batera, gurasoen eta haurren arteko harremanak sendotzeko helburua ere badu egitasmoak, eta horretan ari dira. TipiTapa guraso elkartearen bultzatzailea da Maite Santamaria eskoriatzarra, eta hasierako urratsekin pozik agertu da: "Batetik, izan dugun harrera sekulakoa izan da; 23 familia batzea ez genuen aurreikusten. Bestetik, ludotekaren erabilerarekin oso-oso pozik gaude erabiltzaile guztiok. Gainera, orain, Gabonetan ludotekak ez duenez zerbitzurik eskaini, goizetan eta arratsaldeetan erabiltzeko aukera izan dugu. Zenbait helburu ditu TipiTapa guraso elkarteak, eta horietako bat da informazioa eskaintzea, elkarbanatzea, ikastea eta irakastea. Horretarako, hitzaldiak antolatzeko nahia genuen. Kontuan izanda bazkide gehienok 0-1 urteko haurrak ditugula, solido bidezko elikadura osagarriaren gaineko hitzaldiaren aldeko hautua egin dugu oraingo honetan".

BLW metodoa aztergai

Solido bidezko elikadura osagarriaren gainekoa da elkarteak antolatu duen lehenengo hitzaldia –BLW delakoa–. Ainitze Ondarra dietetikan eta giza nutrizioan graduatua izango da hizlaria, eta sarrera doakoa izango da. Bestalde, hurrengoa antolatu gabe izan arren, lehen sorospenekoa izango dela aurreratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak