Roke Elorza: "Gure sekretua etxeko jana ematea izan da"

Imanol Beloki Unamuno 2023ko abe. 22a, 09:16

Roke Elorza, Txalaparta barruan, asteon.

40 urteren ostean, erretiroa hartu du Rokek, emazte Txarorekin batera. Hala, Txalaparta jatetxeko jarduna utzi dute, baina, alokatu egin dutenez, izango du jarraipena.

Juan Roke Elorza Agirre (Aretxabaleta, 1960) Txalaparta jatetxeko jabea izan da 40 urtez, eta erretiroa hartzeko ordua iritsi zaio. Urteak zeramatzan erretiroa hartuko zuela esaten, baina, aurreikusi baino lehenago, halabeharrez, eta lokala alokatzeko aukera suertatuz, uztea erabaki du. 40 urtez izan zara Eskoriatzako Txalaparta jatetxeko jabea.

Nolako esperientzia izan da?

Ba, imajinatu aretxabaletar bat Eskoriatzan lanean… Ez... serio jarrita, oso esperientzia aberasgarria izan da, eta eskuak zabalik hartu ninduten hasieratik. Izan ditudan bezeroak oso jatorrak izan dira, eta, lan oso lotua eta sakrifikatua bada ere, lan egiten disfrutatzen ikasi dut; lanbide honetan ez dago beste erremediorik.

Nola hartu duzue Txalaparta uzteko erabakia?

Urte bat gehiago irekita mantendu nahi nuen, baina azken urteak gogorrak izan dira. Duela zazpi urte, koloneko minbizia izan nuen, eta, urtebete lan egin gabe egon ostean, aurrera jarraitu genuen; gainera, nire emazteak, Txarok, belaun bat txarto zeukan, eta zenbait hilabetez egon zen lan egin gabe; eskuekin ere bai, karpo-tunel delakoarekin... Operazioa zuen, baina egiten bazuen beste sei hilabete bajaz egongo zen. Hori horrela, alokatzeko aukera izan dugu eta urratsa egin dugu.

Nolakoa izan zen Txalaparta jatetxearen hasiera?

Soldaduskatik iritsi berri, Coprecin lan aukera izan nuen, baina lana jaitsi zen eta Juan Felix Iregiri esan nion taberna bat zabaltzeko. Hura lau urte inguru izan zen nirekin, eta, hark ez zuenez jarraitu nahi, ni geratu nintzen. Hasiera gogorra izan zen, baina garai hartan lan gehiago egiten zen tabernetan, jendea gehiago aritzen zen egunerokoan eta mugimendu handiagoa izaten zen.

Pertsona ezagun asko ere izango ziren Txalapartan bazkaltzen. Baduzu inor bereziki gogoan?

Alkate asko izan dira, esaterako, gurean; batzuk zerbait hartzen, beste batzuk bazkaltzen. Eneko Goia, Juan Mari Aburto, Joseba Asiron… Joseba Argiñano ere izan da bertan. Zenbait txirrindulari ere izan dira, eta pilotari asko ere bai: Aimar Olaizola, aspaldi, esaterako.

Eskoriatzan menu bat jateko aukera gutxi daude, eta beharra badago.

Eskoriatzak behar du 50 lagun inguru batzeko leku bat. Nik ere pena hori badut; izan ere, gurean 28 lagun sartzen ziren, eta barran beste hamar sartzea posible zen, baina talde handiei ezetz ere esan behar izan diegu askotan. Horrekin batera, etxeko jana da bezeroek baloratzen dutena. Guk menua eta karta izan dugu beti; plater konbinatuak ez genituen ematen. Buztana, tripakiak –lehen prestatzen ziren moduan, amaren errezetarekin– eta bakailaoa. Horiek ziren plater izarrak.

Huhezi unibertsitatea parean izatea ere lagungarri izango zenuten.

Eta eskerrak horri. Herriko ostalari askok eskertu dugu unibertsitatea izatea. Egunero menua jatera ere etorri izan dira asko, baita gremioetako langileak ere; haiei esker egin dugu aurrera. Oso gustura izan naiz izan ditudan bezeroekin.

"Bezeroei eman nahi nizkieke eskerrak; langileei eta, batez ere, Txarori, emazteari"

Esker mezurik eskaini nahi duzu?

Batetik, izan ditudan bezero guztiei eman nahi dizkiet eskerrak, eta baita Txalapartan lanean izan diren pertsona guztiei. Nire seme-alaba Aitorri eta Nereari, eta, amaitzeko, batez ere, Txaro Ancin nire emazteari. Hura izan da Txalaparta aurrera eraman duena urte hauetan guztietan; sukaldeko motorra. Horrez gain, negozioa hartu duenari pazientzia izateko eskatzen diot, eta jarraitu dezala beste 40 urtez Txalapartak bizirik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak