Azaroan hasi ziren Eskoriatzan Gabonei ongietorria egiteko ekintzekin. Izan ere, Duo Imperial taldearekin dantzaldia izan zen. Horren harira, hilero dantzaldi bat antolatzea erabaki du Eskoriatzako Udalak.
"Negu garaian, Zaldibar antzokian, hilean behin hitzordu bat proposatzea pentsatu dugu. Azaroan, Duo Imperial talde errioxarra izan genuen, eta herritarrak oso gustura izan ziren. Saio ederra izan zen, eta, eskoriatzarrak proposamenarekin hain pozik agertu zirenez, euren eskaerari erantzun eta zapatu honetan ere izango dugu beste dantzaldi bat. Kasu honetan, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagarekin dantzaldia izango da", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak.
Giro ona jartzeko gogoz
Zapatu honetan Zaldibar antzokiko saioan izango den protagonistetako bat Eskoriatzan bizi den Imanol Intxausti segurarra da, eta gogoz dago egunerako. Soinua jotzen izango da agertoki gainean, eta estilo askotariko kantak joko dituela dio. "Goizean, Gasteizen izango dugu saioa, eta 18:30ean, Eskoriatzako Zaldibar antzokian balsak, pasodobleak, tangoak, rantxerak eta bestelakoak eskaintzen izango gara. Helburua betikoa izango da: herritarrak dantzan jartzea", adierazi du Intxaustik.
Hainbat formatutan
Egitasmo horren lehenengo bi saioak talde formatuan egin badira ere, beti ez dela horrela izango adierazi du Unzuetak. "Ez da beti talde formatuan izango; zenbait kasutan zuzeneko musika eskainiko dugu, baina DJak ekartzea ere bada asmoa. Horrez gain, herritar guztiei irekitako proposamena izango da, eta dantza egin nahi duen orori zuzenduta egongo da", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak.
Intxaurtxuetako ekintzak egubakoitzean
San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako bizilagun elkarteko kideek ere bat egingo dute Gabonen ongietorriarekin. Izan ere, iaz antolatu zituzten ekintzen moduan, egubakoitzerako ere antolatu dute egitaraua. Hain zuzen, herriko argien piztuera egingo da egubakoitzean, eta, ekitaldi berezirik egingo ez den arren, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetakoek jai giroan ospatu nahi dute, eta, bide batez, herritar guztiak animatu antolatu dituzten ekintzetara.
Gabon kantak, 19:00etan
GaurEgubakoitzekoo ekintzak Intxaurtxueta auzoan izango dira, Euskaltegi pareko plazan. 17:00etan, marrazki tailerra izango da, eta gero, txokolate-jana; kasu horretan, norberak bere edalontzia eramatea gomendatu dute antolatzaileek. 18:00etan, berriz, txorizo egosien pintxoen salmenta egingo dute, eta barra txiki bat ere jarriko dute mokadutxoari laguntzeko; 19:00etan, berriz, De Norte A Sur taldearen emanaldia izango da. Hogei laguneko koruak eta bost musikarik osatzen duten taldea da, eta Gabon kantak eta flamenkoa uztartuko dituzte, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako bizilagun elkarteko kideek azaldu dutenez.