Euskararen erabilera eta immigrazioa, eskutik, HUHEZIn

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 4a, 11:55

Pasa den egubakoitzean, hilaren 1ean, HUHEZIn eginiko jardunaldiak. Irudia: Mondragon Unibertsitatea.

Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetako hezkuntza-komunitateetan jardunaldia egin berri dute Eskoriatzan, eta esperientziak eta praktika onak jarri dituzte mahai gainean.

Euskararen erabileraz eta immigrazioaz aritu ziren pasa den egubakoitzean, abenduaren 1ean, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetako hezkuntza-komunitateetan jardunaldia egin baitzuten. Antolatzaileek azaldu dutenez, 110 lagun batu ziren, eta Nagore Ipiña HUHEZIko dekanoak hartu zuen lehendabizi hitza. Adierazi zuenez, euskara eta kulturartekotasuna "bi ardatz garrantzitsu" dira fakultatean, eta jardunaldiarekin helburu dute "euskaraz bizi den hezkuntza komunitateari ekarpen bat egitea unibertsitatetik".

Duela bi urte, 2021ean, jarri zuten euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko ekimena martxan, Zaldibian (Gipuzkoa), eta Zestoa (Gipuzkoa), Aizarnazabal (Gipuzkoa), Ibarra (Gipuzkoa), Ondarroa (Bizkaia) eta Leitza (Nafarroa) batu ziren iaz, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean. Aurten, berriz, beste hamalau udalerritara zabaldu da ekimena, eta tartean baita Oñatira ere.

Euskara ardatz komunikatzea

Karmele Perez HUHEZIko irakasle eta ikertzailearen arabera, jardunaldiaren abiapuntua da "euskara ardatz izanda, euskaraz ez dakiten eskoletako gurasoekin modu abegikorrean komunikatzea". Horretarako, nabarmendu du ahaleginak egin dituztela "berriak diren familia ez euskaldunekin marko linguistikoa konpartitzeko", hala nola ikasturte hasierako bileren berrantolaketa, azalpen triptikoak, aldi bereko itzulpenak eta bat-bateko mezularitzaren erabilera. Azalpenez harago, kasu praktikoez ere, ordea, aritu ziren.

Hain justu, Zaldibiako kasua izan zuten hizpide Amelia Barquin HUHEZIko irakasle eta ikertzaileak eta Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendariak. Jatorri guztietako gurasoak eskoletako bileretara erakartzeko eginiko urratsak izan zituzten mintzagai, eta, azaldu zutenez, ikasturte hasierako bilera formatua aldatzeko erabakia hartu zuten. "Kostatu zitzaigun onartzea ikasturte hasierako bilerak zaharkituak zeudela, baina Mondragon Unibertsitatetik egindako proposamena onartu eta bilera bi fasetan egiten hasi ginen", adierazi zuen Amundarainek. Haren arabera, lehenbizi, azalpen orokorrak emateko batzar bat egin ohi dute, eta, ostean, talde txikitan banatzen dira. "Talde dinamikak egiten dira, bilerak aurretik hobeto prestatzen dira, etorriko direnen ziurtapena izanik, bakoitza non eseriko den zainduz, amaieran hizkuntza desberdinei keinua eginez…".

Maite Zuazo UEMAko ordezkaria ere jardunaldian izan zen, eta udalerri euskaldunen egoerari erreparatu zion, hiztunen profilean aldatzen ari delako. Bada, uste du egitasmo hau estrategikoa dela. "Konturatuta gaude udalerri euskaldunetan ere ez dagoela bermatuta beti horrelakoa izango denik, eta UEMArentzat gakoa da elebidun gehiago sortzea". Are, Nora Palmitano euskara teknikariaren hitzetan, "hizkuntza politiketan ez da immigrazioa lantzen", eta immigrazio politiketan ezta euskara ere. "Proiektu honi esker biak uztartzen dira".

Gurasoen hitza

Jardunaldietan izan ziren hezkuntza-komunitateetako guraso batzuk ere, proiektu honek eskoletan eta herrietan "ekarpen positiboa" egin duela nabarmenduta, "euskaldunen eta ez euskaldunen kontzientziazioan eragiteko garrantzia" duela. Bada, horren berri eman zuen Amaia Mendizabal Azpeitiko Ikasberri ikastolako gurasoak, euren kasu praktikoa aintzat hartuta. "Azpeitian harremanak hobetu dira, gauza txikietan nabaritzen da: esate baterako, Telegram erabilita, orain, goizero elkar agurtzen dugu lehenago harremanik ez genuen gurasoek". Are, Zineb El ghaouti El gharrad Zaldibiako Lardizabal eskolako gurasoak etorkizunean ere proiektu hau zabaldu beharra azpimarratu du. "Kontzientziatu behar dugu gurasook euskarak suposatzen duenaz gure herrietan eta gure seme-alaben etorkizunean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak