Euskara eta kulturartekotasuna batuko dituen bidea eraikitzeko gogoeta egiteko jardunaldia antolatu du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Mondragon Unibertsitatearen Eskoriatzako fakultatean izango da hitzordua gaur goizean 09:15ean hasita. Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza-komunitateetan izena du jardunaldiak, eta bigarren edizioa da aurtengoa. Bertan azalduko da eskoletan nola landu daitekeen euskaraz bizi nahi dutenen eta oraindik euskaraz ez dakiten baina ingurune euskaldunean bizi direnen arteko bizikidetza.
2021. urtean jarri zuten martxan ekimena Zaldibian, eta, iaz, Zestoa, Aizarnazabal, Ondarroa, Ibarra eta Leitza batu ziren. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean egindako ekimen bat da, eta aurten beste hamalau udalerri batu dira; horietako bat gure bailarakoa da: Oñati. Hauek dira, Oñatiz gain, ekimenera batu diren gainontzeko herriak: Azpeitia, Markina-Xemein, Orio, Bera, Alegia, Legorreta, Arbizu, Lizartza, Areatza, Asteasu, Itsasondo, Mutriku eta Ereñotzu.
Antolatzaileek adierazi dute ezinbestekoa dela "udalerrietako hezkuntza-komunitateen, udal-eragileen, UEMAren eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen arteko lankidetza, euskara eta kulturartekotasuna uztartuko dituen bidea eraikitzeko". Horrez gain, jakinarazi dute "ekitaldia euskaraz" izango dela, baina gaztelaniaz ere eskainiko dela "Telegram bidez". Jardunaldian parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena Mondragon.edu web orrialdean.
Errealitate ezberdinak
Jardunaldian parte hartuko duten adituek gaur egungo gizartean bizi diren bi errealitate ezberdin izango dituzte hizpide: "Euskaraz dakitenek hizkuntza horretan bizitzeko duten nahia eta euskaraz ez dakitenen egoera. Hau da, ikastetxeetan euskaraz bizitzen jarraitzea eta, aldi berean, euskaraz ez dakiten guraso immigranteei informazioa ematea eta horiek parte hartzea lortzeko modua aurkitzen saiatuko dira".
EUSKARA ETA KULTURARTEKOTASUNA LANTZEKO ANTOLATU DUTEN BIGARREN JARDUNALDIA DA
Hainbat hizlari egongo dira
Egunaren hasieran, Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak jardunaldia aurkeztuko du, eta, jarraian, hainbat hizlari izango dira. Lehenik eta behin, Karmele Perezek (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko kidea da) hartuko du hitza, eta proiektuaren berri eman eta sustatutako aldaketek ekarri dituzten jardunbide egoki batzuk partekatuko ditu. Ostean, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal ikastetxeko zuzendariak eta Amelia Barquin fakultateko kideak ikasturte-hasierako bileren formatua nola aldatu den eta zein inpaktu lortu duten azalduko dute, eta, ondoren, Maialen Zuazo UEMAko kideak proiektua aurkeztuko du. Atsedenaldiaren ostean, Nora Palmitano Zestoako euskara-teknikariak herrian euskara bultzatzeko, beste hizkuntza batzuk ere aintzat hartzeko eta kulturen arteko harremanak sustatzeko sortu diren jarduerak zeintzuk izan diren kontatuko du; eta, hizlariekin amaitzeko, ekimenean parte hartzen duten zenbait udalerritako gurasoek haien ikuspuntua plazaratuko dute, hala, haiek betetzen duten rola zein den eta prozesua nola bizi duten ezagutzera emateko.
Eguna amaitzeko, galderak eta ekarpenak egiteko tarte bat izango dute jardunaldira bertaratzen direnek. Horren ostean, etorkizunean ekimenarekin aurrera jarraitzeko eman beharreko urratsekin emango diote itxiera jardunaldiaren bigarren edizioari.
Bailarako ordezkaritza
Guztira, Euskal Herri osoko hemezortzi udalerri daude proiektuaren barruan, eta udalerri horietatik bat Debagoienean dago: Oñati. Azken urteetan, Oñati eta euskararen gainontzeko arnasgune guztiak ere geroz eta anitzagoak bihurtu dira, eta, Asier Lauzurika Oñatiko Udaleko Hezkuntza batzordeburuak dio, neurri batean, hori erronka bihurtu zela
PROIEKTUAN, HEMEZORTZI UDALERRI DAUDE, ETA HORIETAKO BAT DA OÑATI
haientzat: "Anitzagoak izate hori aberastasun gisa ulertzen dugu Oñatin, baina, era berean, erronka berriak jartzen dizkie gure herriari eta hizkuntzari; nolabait, jarraitu behar dugulako izaten euskararen arnasgune eta euskara ardatz duen komunitate, kulturarteko testuinguru batean. Horretarako, hainbat urrats eman ditugu herrian; Txipistin proiektuaren sorrera, esaterako. Gure asmoa da erantzutea aniztasun horri eta jatorri anitzeko oñatiarren behar horiei. Proiektu horiek guztiak martxan jartzen hasi ginenean iritsi zitzaigun UEMAtik ekimen honetara batzeko proposamena, jakiteko nola parte hartu eta komunikatu familia horiekin guztiekin batera eta nola eraiki kulturarteko komunitate bat, euskararen arnasgune garen testuinguru honetan. Aukera hori egoki ikusi genuen, guk ere norabide horretan urratsak eman nahi genituelako, eta herriko ikastetxeei luzatu genien proposamena".
Proiektuak ardatz batzuk ditu, eta udalak "ardatz horiekin bat" egiten duelako erabaki zuten aurrera egitea: "Gure artean kultura eta hizkuntza anitzak daude, eta gure lana da, testuinguru horretan, jatorri, identitate eta hizkuntza anitzak harilkatzea euskara ardatz izanik, eta uste dugu proiektu honek horretan laguntzen digula".
Dagoeneko hemezortzi udalerri daude MUk eta UEMAk kudeatzen duten proiektu honen barruan lan egiten, baina gero eta gehiago batzea da helburu nagusia Lauzurikaren arabera: "Oñatitik harago, Euskal Herriaren etorkizuna ere hori da: kultura, identitate eta hezkuntza ezberdinak harilkatzea, eta, beraz, udalerri gehiago batzea".