TipiTapa guraso elkarte berriaren aurkezpena astelehenean

Hasier Larrea 2023ko abe. 1a, 16:14

6 urtetik beherako haurren zenbait gurasok TipiTapa elkartea sortu dute, eta datorren astelehenean egingo dute aurkezpena. Euskara ardatz, espazio seguru bat izango dute Ludotekan, guraso eta haurren arteko harremanak sendotzeko helburuarekin.

Eskoriatzan haurrekin egoteko espazio seguru eta itxi baten beharrak bultzatuta sortu berri da TipiTapa guraso elkartea. Maite Santamaria eta Maitane Ayalari otu zitzaien ideia, iazko ikasturtean Aretxabaletako Kukumiku elkarteko kide eta ekintza arduradun izan ostean. Bi horiek gehi beste lau ama dira oraingoz kideak. Baina "TipiTapara ahalik eta familia gehien batzea" gura dute, eta, horretarako, bazkidetza kanpaina bat abiatuko dute, abenduaren 4tik 20ra bitartean.

Proiektuaren nondik norako guztiak abenduaren 4an, astelehena, emango dituzte aditzera, 17:30ean, Kultur Etxean. Bertaratu ezin denak, informazio gehiago jaso dezake tipitapaelkartea@gmail.com helbidera idatzita.

Udalaren babesa

Santamaria eta Ayala kontziente dira "gurasotasun munduan sartu berri direnen ardurak eta kezkak egoera berdinean dauden guraso lagunekin" konpontzearen garrantziaz, eta horretarako beharrezko jotzen dituzte "espazio itxi eta seguruak". Lanak aurreratuta joango dira aurkezpenera, Udalaren oniritzia lagun, Ludoteka zerbitzuaz partekatutako espazioa izango baitute aurrerantzean eskura: "Gurasoen alde emozionalari lekua emango dion bilgune bat sortuko dugu, non guraso eta haurren arteko bizipenak ere gehituko diren. Haur txikien psikomotrizitatea lantzeko espazio bat izango da, eta umeek material eta bizipenak elkarbanatu ahal izango dituzte".

Ekintza gehigarriak

Horrez gain, herriko ikastetxeen arteko sarea sortzeko ere baliatuko dute topagunea, baita eredu desberdinetako, beste hizkuntza bateko edo kultura desberdineko familien integrazioa sustatzeko ere, euskara izanik hizkuntz oinarria. Gainera, informazio eta formazio guneak sortzeko ahalegina ere egingo dute, herrira irekitako eta haur zein helduei zuzendutako ekintzak antolatuta.

Oro har, espazio berriak gurasoen arteko elkarlaguntza eta haurren garapena bilatuko ditu, "kaleko parke eta espazio irekietan izan ditzakegunen osagarri modura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak