Hiru eguneko egitaraua Euskararen egunerako

Miren Arana Pagaldai 2023ko aza. 24a, 10:00

Iazko 0km azoka, Ibarraundin.

Eskoriatzako udalak euskara ardatz hartuta hiru eguneko egitaraua luzatu die herritarrei; guztien gozamenerako ekintzak antolatu dira, eta urteroko 0km azoka ereizango da Euskararen Eguneko egitarauaren baitan

Euskararen Egunera begira, Eskoriatzako Udalak hiru eguneko egitarau zabala osatu die herritarrei. Hala, euskara ardatz hartuta, zenbait ekitaldi, emanaldi eta bazkariz gozatzeko aukera izango dute eskoriatzarrek. Abenduaren batean ekingo diote, GAITU, Batu ditzagun gure ahotsak proiektuarekin; plazako karpan, 18:00etan hasita eta auzolan digitalean, Udaletik adierazi dute eskoriatzarren ahotsak jaso gura dituztela, makinek eta inteligentzia artifizialak euskara ulertu eta hitz egin ahal izateko.

Zapatu musikatua

Zapaturako, egun osoko egitaraua antolatu da, eta egunarekin hasteko Potx eta Lotx pailazoen Aireportuan emanaldia izango da, 12:00etan, Zaldibar antzokian eta dohainik. Plazako karpan, herritarren gozamenerako, Txalaparta taldea, Hanka Motx Bertso Eskola eta Lide Arregi eta Urko Egaña oñatiarren eskutik bertso-kalejira emanaldiak izango dira; eta, jarraian, 14:30ean kantu bazkaria. Sei Pistols & Trabuko Bat taldea izango da bazkariko gidari, eta 16 urtetik gorakoek 15 euroren truke, edo 15 urtetik beherakoek 12 euroren truke eskuratu ditzakete bazkariko txartelak; Urrestilla edo Inkernu tabernan izango dira, azaroaren 28ra arte.

"HERRIAN EROSI
EZEAN, ARTISAUAK
ETA BERTAKO
MERKATUA
DESAGERTUKO DIRA"

Musikarekin jarraituko du egunak; Mugi Panderoaren eskutik dantzaldia izango da karpan arratsaldeko zortzietan, eta, gauean, 23:00etan, Inkernu tabernan, DJ Karapaixoren kontzertua egongo da.

Euskararen Egunean bertan egingo diren bi ekitaldirekin amaitu du Udalak egitaraua osatzen: urteroko zero kilometroko azoka izango da aurten egitarau honen baitan, eta abenduaren 3an egingo da, baita helduentzako Ispiluak ipuin kontaketa ere; Zaldibar antzokian izango da, 19:00etan.

Zero km-ko azoka

Urteroko 0km azoka aurreratu dute aurten; normalean abenduko zubiaren ostean Ibarraundin egiten den arren, aurten Herriko Plazan dagoen karpa aprobetxatuz, abenduaren 3an izango da azoka. Arantxa Unzueta Kultura teknikaria izan da antolaketa lanetan, eta azokan aldaketak datozela aurreratu du: "Lehen, Eskoriatzako artisauak izaten ziren, eta orain bailara osora zabaldu dugu gonbidapena; oraingoz, bi ekoizlek baieztatu digute, baina gonbidapenak bertan jarraitzen du".

Azokan bertan, Debagoienean egindako zenbait produktu erosteko aukera izango da: poltsak, ilerako gomak, haziz eginiko lepokoak, xaboiak, olio esentzialak eta haziz beteriko zaku beroak, besteak beste.

Gizartearen kontra

"Azokaren helburua Gabonetako opariak erosteko aukera eskaintzea da, Eskoriatzan bertan egindako produktuen eskaintza egitea, baita bertako artisauak nolabait promozionatzea ere", adierazi du Kultura teknikariak. Gainera, gizartea hartzen ari den joerari "aurka" eginda, herritarrak bertako produktuak erostera animatzen ditu, "iraunkorrak" direlako: "Munduko beste puntatik ekarritako gauzak erosi beharrean, behin erabili eta ostean bota egiten ditugun gauza horiek erosi beharrean, azokan erostera animatzen ditut guztiak; bertakoari aukera bat ematea, eta eskuz egindako lanak balioan jartzea".

Arantxa Unzuetak azpimarratu du "garrantzitsua" dela ber-takoei erosi eta aipatutako aukera hori ematea: "Herrian erosi ezean, artisauak eta bertako merkatua desagertu egingo dira; horregatik, guztiak gonbidatzen ditut azokara etortzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak