Ingurumenarekiko errespetuan, urratsa

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 27a, 11:40

Erreka garbiketan aritutakoak, plazan, batutakoarekin.

Eskoriatzako Udalak Aste Berdearen barruan antolatutako ekintzen balorazio positiboa egin du. Orokorrean, parte-hartzea ona izan dela azpimarratu arren, herrian ingurumenarekiko kontzientzia gehiago piztu behar dela nabarmendu dute.

Aste Berdea betea izan da, eta antolatzaileek prestatutako ekintzen balorazio positiboa egin dute. Hainbat eragilek hartu dute parte ekintzen programazioan, eta jardueren aurreikuspenak bete dira, zenbait kasutan gainditu ere bai. Helburu nagusia herritarrak naturarekiko kontzienteagoak izatea izanda, urrats bat eman dutela adierazi dute Eskoriatzako Udaletik.

30 lagun erreka garbiketan

2022an, Debagoieneko Errekak Bizirik Auzolanean ekimena sortu zen herritarrei eta batez ere belaunaldi berriei erreka bizien garrantzia erakusteko. Aurtengoa bigarren edizioa izan da, eta batutakoa kontabilizatzea zaila den arren, 1.000 litroko bi edukiontzi bete zituzten joan den zapatuan auzolanera batu zirenek. "30 bat lagun izan ginen erreka garbiketan. Batez ere objektu txikiak izan dira jasotakoak: plastikozko zorro ugari, botilak, latak, edalontziak… Eta igarri da aurreko urteetan garbiketak egin direla; iaz eremu txikiagoan izan ginen garbiketa egiten eta zabor gehiago batu genuen. Hala ere, beti dago garbiketarako beharra; izan ere, nire ustez, plastikozko zorro asko haizeak eramandakoak dira, baina botilak eta bestelakoak apropos botatakoak dira. Beraz, garbiketarako beharra badago, baina, batez ere, kontzientziatzeko beharra dagoela azpimarratuko nuke", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak.

Energia hizpide

Asteko programari amaiera emateko, martitzenean, Klima Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Eguna izanda, Eskoriatzako Energia Berriztagarrien komunitateak deituta, energia komunitate bat sortzeko bilera-merienda izan zen, Ibarraundi museoan. Bilerara joan ez, eta informazioa behar duenak, eskoenergia.komunitatea@gmail. com helbidera idatz dezake.

Kontzientziatzeko isun sinbolikoak

Aste Berdearen baitan, gaztetxoendako ekintzak ere izan dira. Horien artean, azpimarratzekoa izan da Eskoriatzako Tortolis ludotekako haurrek herritarrak kontzientziatzeko burutu zuten ekintza. Hain zuzen ere, kalera atera ziren arratsalde batean eta gaizki aparkatutako zenbait ibilgailuri isun sinbolikoak jarri zizkieten ohartarazpen gisa.

Haurrak, Santa Ana auzoan, gezurrezko isunak jartzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak