Aste Berdea badator, ingurumenarekin sentsibilizatzeko xedez

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 10a, 17:13

Iaz, erreka garbiketa auzolanean egin zutenekoa.

Urriaren 18tik 24ra bitartean, Eskoriatzako Udalak, herriko eragile eta hainbat herritarrekin elkarlanean ingurumenarekin lotutako hainbat ekintza antolatu ditu sentsibilizatzeko xedez. Klima aldaketa, mugikortasuna, bizimodu jasangarria edota erreka garbiketa izango dira landuko diren gaiak.

Ingurumena babestearen eta kontsumo-ohitura arduratsuen alde, modu aktiboan kontzientziatzeko asmoz, Eskoriatzako Udalak herriko eragile eta hainbat herritarrekin elkarlanean, jarduera ezberdinez betetako programa osatu du Aste Berderako,

Eskoriatzarrak kontzientziatzeko asmoz, Aste Berdea antolatu du Eskoriatzako Udalak. Egitaraua hasteko, urriaren 16an eta 17an, bide segurtasuneko saioak eskainiko dituzte ikastetxeetan Eskoriatzako udaltzainek. Patinetean eta bizikletan modu seguruan ibiltzeko gomendioak emango dizkiete haurrei udaltzainek. Horrekin batera, urriaren 18tik 24ra bitartean orotariko jarduerak izango dira.

Egitarauko ekintza dibertigarriena urriaren 18an izango da. Izan ere, Tortolis ludotekako gaztetxoak kalera aterako dira gaizki aparkatuta ikusten dituzten ibilgailuei gezurrezko isunak ezartzera. Hala, udaltzainen paperean arituko dira arratsalde batez.

Lanera bizikletan

Hilaren 19an, lanera bizikletan joaten diren herritarren arteko topaketa egingo da. Lanera bizikletan joaten diren herritarrak biltzeko luzatu dute deialdia, herritarren esperientziak jasotzeko, udalak etorkizun batean bizikletaren erabileraren aldeko ekimenak sustatzeko ideiak hartzeko, edota bidearen inguruko beharren gaineko informazioa jasotzeko. Bilera hau irekia da, ez da izenik eman behar.

Naturaren balioak aztergai

Horrez gain, azpimarratzekoa izango da hilaren 20an, Zaldibar antzokian, Unai Pascualek eskainiko duen Naturaren balioak zertarako balio ote? hitzaldia. Ingurumen ekonomian doktorea da, eta Erresuma Batuko unibertsitateko irakasle ohia eta Ikerbasqueko ikerlaria eta irakaslea. 20 urte baino gehiagoko esperientzia duen ekonomialari ekologikoa da, eta gizarte-zientziak eta natura-zientziak lotzen saiatzen da, sistema sozioekologiko konplexuak ulertzeko.

Unai Pascual Garcia de Azilu, Ingurumen ekonomian doktorea.

Erreka garbiketa, auzolanean

Aste Berdearen baitan hitzordu garrantzitsuenetarikoa, berriz, bailara mailan auzolanean egingo den erreka garbiketa da. "Iaz, hogei lagun inguru batu ginen Eskoriatzan egitasmora, eta aurten ere halako taldea batzen bagara ederto arituko gara", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundiko langileak.

2022n Debagoieneko errekak bizirik auzolanean ekimena sortu zen herritarrei eta batez ere belaunaldi berriei erreka bizien garrantzia erakusteko. Aurtengoa,bigarren edizioa izango da. Parte-hartzaileak 10:00etan elkartuko dira Fernando Eskoriatza plazan eta jende kopuruaren arabera banatuko dira garbitzeko guneak.

Ekintza honetan parte hartzeko, urriaren 18a baino lehen izena eman behar da ondoko bideetatik

'Mi gran pequeña granja', pelikula dokumentala

Pelikula dokumental honek bikote baten bizitza aldaketaren inguruan hitz egiten du. Jhon eta Molly Chester dira protagonistak, Los Angeleseko bizitza alde batera utzi eta baserri batera bizitzera joateko hautua egin zuten, ingurugiroarekin armonian landatu eta bizitzeko. Dokumental honek hamalau festibal desberdinetan jaso ditu sariak, irudi ikusgarriak partekatzen ditu eta bizitza osasungarria baten aldeko apostuaren inguruko gorabeherak kontatzen ditu.

Distantzia plakak

Herriko txoko batetik bestera oinez, bizikletan, patinetean… neurketak egin dituzte, eta beraz distantzien plakak jarriko dituzte ibilgailuen erabilpena gutxitzeko asmoz. "Plazatik kiroldegira, ikastetxetik Elorretara… bezalako neurketa ezberdinak egin dira, herrigunean, alde batetik besterako distantziak motzak direla adierazteko. Hala, distantzien plakak jarriko ditugu Olaetan, Elorretan eta Intxaurtxuetan, adibidez", adierazi du Altzuak.

Energia ardatz, bilera-merienda

Eskoriatzako Energia Berriztagarrien Komunitateak antolatuta, bilera-merienda egingo da Ibarraundi museoan, hilaren 24an. Eskoriatzan energia komunitate bat sortzearen garrantziaz, eman beharreko lehen pausuez… arituko dira bertaratzen direnak.

Urriak 18

• 17:00 Isun sinbolikoak, Tortolis ludotekan.

Urriak 19

• 18:00 Bizikleta garraiobide gisa erabiltzen dutenen arteko topaketak. Ibarraundin.

Urriak 20

• 18:00 Unai Pascual, ikerketairakaslearen 'Naturaren balioak zertarako balio ote?' hitzaldia. 18:00etan, Zaldibar antzokian.

Urriak 21

• 10:00 Erreka garbiketa auzolanean, Fernando Eskoriatza plazan.

Urriak 22

• 19:00 'Mi pequeña gran granja' filmaren proiekzioa, Zaldibar antzokian.

Urriak 23

• 16:00 Distantzien plakak jarriko dituzte.

Urriak 24

• 18:30 Eskoriatzan Energia komunitate bat sortzeko lehen pausuak, bilera-merienda. Ibarraundin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak