Euskararen erabileran eredu izateko ariketa

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 6a, 11:24

Euskaraldia ariketa sozialaren hirugarren edizioan, Fernando Eskoriatza plazan haurrak zein helduak batu zirenekoa.

Helduen eta haurren arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko 'Haurren aurrean, helduok heldu' ekimena Eskoriatzan ere egingo da. Ekintza ugari antolatu dituzte urriaren 19tik 29ra bitartean.

Euskaltzaleen Topaguneak 2021ean aurkeztu zuen Haurren aurrean, helduok heldu dinamika, eta ekimenaren bigarren edizioa izango da urriaren 19tik 29ra bitartean. Aurtengo ekimenak helburu bikoitza du: batetik, helduen arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta, bestetik, helduek haurren hizkuntzaren ikaskuntzan eta sozializazio prozesuan duten eraginaz sentsibilizatzea. Hala, Eskoriatza ere animatu da egitasmora, eta 0-12 urte bitarteko umeekin harremana duten helduen artean euskararen erabilera aktibatzeko egitarau ederra prestatu dute.

Gurasoei zein zaintza lanetan aritzen diren bestelako senide eta herritarrei zuzendutako ariketa da Haurren aurrean, helduok heldu dinamika, eta Euskal Herri osoko hainbat herritan antolatu da. Ariketa aurrera eramateko, Eskoriatzako Udalak guraso talde bat deitu du, eta haiekin batera antolatu ditu urriaren 19tik 29ra bitarteko ekintza guztiak. "Eskoriatzako Udaleko Euskara Sailetik, ausaz zenbait guraso batu genituen, eta bilerak egin ditugu irailean, programa osatzeko. 0-12 urte bitartean dituzten haurren gurasoak dira, eta beraiekin lanketa egiteaz batera, egitaraua osatzeko protagonistak ere bertako eragileak izatea nahi genuen…", adierazi du Mari Carmen Arrietak, Eskoriatzako euskara teknikariak.

URRIAK 19

• 18:00 Mahai informatiboa txokolatearekin, plazan.

URRIAK 20

• 18:00 Familien arteko olinpiadak, Luis Ezeizan.

URRIAK 22

• 18:00 Oink oink filma, Zaldibar antzokian.

URRIAK 25

• 17:30 Yoga familian (4 eta 8 urte bitarteko haurrekin), Maider Herce-rekin, kultura etxean.

URRIAK 26

• 18:00 Altzo jolasak: Beldurraren aurkako pilulak familian, 0-4 urte bitarteko haurrekin, kultura etxean.

• 18:00 Ipuin kontaketa: Zaku bete ipuin Dorleta Kortazar ipuin kontalariarekin, bibliotekan.

URRIAK 27 • 18:00 Gaba beltza: Arropa tailerra familian

Yoga, familian eta euskaraz

Antolatutako ekintzen artean, yoga familian da, esaterako, nabarmentzeko hitzorduetako bat. 4 eta 8 urte arteko haurrei zuzenduta, izena bikoteka eman beharko da, heldu bat eta haur bat; hala, ordu eta erdiko saioa izango da, eta Maider Herce eskoriatzarra izango da gidaria. "Aisialdian familian egiteko ekintza gutxi daude; helduei zuzendutakoak daude, edo haurrendakoak; beraz, elkarrekin egitea pentsatu dugu. Gainera, garapen pertsonaleko ikastaro asko gazteleraz dira, eta euskaraz lantzeko aukera gutxi daude…", adierazi du yoga irakasle izateko ikasketak egiten ari den Maider Hercek.

Ariketan parte hartzeko

Eskoriatzan osatutako programako ekintzetan egin nahi da hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Alde batetik, euskaraz ondo moldatzen direnek lehen hitzak euskaraz egingo dizkiete euskara ulertzen duten ezagunei zein ezezagunei, eta ulertzen duten kideekin euskarari eusteko eskatzen da ariketa ondo egiteko, baita haiek erdaraz hitz eginda ere. Bestetik, euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituenak baina ulertzen duenak ingurukoak gonbida ditzake euskaraz jarrai dezaten edo hala aritu daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak