Eskoriatzako etxez etxeko langileek lehen hitzarmen propioa lortu dute %30eko soldata igoerekin

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 2a, 15:54

Eskoriatzako etxez etxeko langileek plazan egindako elkarretaratzean.

Eskoriatzako etxez etxeko zerbitzuko langileek aste honetarako deituta zuten greba bertan behera geratu da. ELA sindikatutik jakinarazi dutenez, "Eskoriatzako etxez etxeko langileek lehen hitzarmen propioa lortu dute. Hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dituzte Eskoriatzako etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten 16 langileek. Lehenengo aldiz hitzarmen propioa izango dute eta horri esker bizi zuten prekaritate egoerari aurre egingo diote".

Esaterako, %30ko soldata igoera izango dute bi urtetan. 1.592 orduko urteko lanaldia izango dute, kontratazioak arautzeko neurriak lortu dira eta lizentzia eta baimenak hobetu.

Langileen akordioa plegu berrietan txertatuta

Eskoriatzako Udalak azpikontratatutako zerbitzua izanik, zerbitzuaren lizitazioa hilabete hauetan jarri nahi du martxan Udalak. "Garrantzitsua da langileen akordioa plegu berrietan txertatzea zerbitzua lizitatu aurretik. Bestela, zerbitzua beste enpresa baten esku geratzeko arriskuan zen eta langileen lan baldintzak arriskuan izango ziren", adierazi dute ELA sindikatutik.

Eskoriatzako udal gobernuko ordezkariek gaineratu dute sinisten dutela etxetz etxeko zerbitzuan. "Apustu sendoa egin dugu Eskoriatzako Udaletik, eta langileen eskubideak bermatuko dituen zerbitzu duin bat izatea ezinbestekoa dela uste dugu. Ezohiko osoko bilkura egingo dugu, bertara gaia eraman, eta onartzeko, dagoeneko batzordean lortu dugu adostasun osoa; laster jakinaraziko dugu data…".

Akordioarekin "pozik"

Hitzarmenari esker, baldintza horiek txertatuko dira Udalaren pleguetan, eta datorren enpresa datorrela, hitzarmena aplikatzera behartuta izango da.
ELAk greba deituta zuen aste honetan lan baldintza duinak eskatzeko, eta presio horri esker eseri dira mahaian hiru aldeak. Ezinbestekoa izan dena akordioa lortzeko. Izan ere, ELAtik argi du mobilizazioei eta borrokari esker lortu dela merezitako akordioa. Langileen antolakuntzak eta batasunak ezinbesteko eragina izan du. Era berean, ELA-k Eskoriatzako herritarrei eskerrak eman nahi dizkie gatazkan zehar emandako babes guztiagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak