Eskoriatzako etxez etxeko langileek bost eguneko greba iragarri dute lan baldintzak hobetzen ez bazaizkie

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 21a, 19:20

Eskoriatzako etxez etxeko langileek plazan egindako elkarretaratzea.

Gizadi enpresak kudeatzen du Eskoriatzako Udalak azpi-kontratatuta daukan zerbitzua eta langileek –guztiak emakumeak– bi eskaera nagusi dituzte; lan hitzarmen duina eskatzen diote enpresari eta hitzarmen hori lortu ezean zerbitzuaren lizitazio data atzeratzeko Udalari. Negoziaziorako deia egin dute langileek, eta akordiorik lortu ezean greba iragarri dute urriaren 2tik 6ra.

Hogei bat lagun elkartu dira Eskoriatzako plazan gaur arratsaldean egindako elkarretaratzean, gehienak Eskoriatzako etxez etxeko zerbitzuko langileak. Eskoriatzako etxez etxeko langileok hitzarmen duina orain! irakur zitekeen pankartaren atzean egin dute ordu erdiko kontzentrazioa.

"Une honetan langileen ordezkarien eta enpresaren artean ez da akordiorik egon. Udalak, bestetik, zerbitzua lehiaketara atera nahi du eta datorren asteko osoko bilkura zerbitzua arautuko duen baldintzen pleguak onartzera doaz", azaldu dute ELA sindikatutik. "Horrela gertatuko balitz eta hitzarmena sinatu gabe balego, langileak egoera prekario berdinean geratuko lirateke urteetan".

Sindikatuak azaldu du ez dagoela langile hauen lan baldintzak arautuko dituen hitzarmenik eta hitzarmen propioa behar dutela azpimarratu du. "Gaur egun hamasei emakume daude bertan lanean eta 8,17 euroko oinarrizko soldata dute orduko, eta ez da inor iristen %100eko lanaldia izatera. Bitartean herriarentzat ezinbesteko lana egiten dute".

Egoeraren urgentzia dela-eta langileek mobilizatzea erabaki dute eta bost greba egun deitu dituzte "egoera ahalik eta azkarren konpontzeko helburuarekin". Negoziazioetan aurrerapausorik egon ezean urriaren 2tik aurrera egingo dute greba.

Eskaera argia Udalari

"Lan hitzarmen barik gaude. Sektorean gutxien kobratzen duen Debagoieneko herria Eskoriatza da. Soldata eskasenak ditugu eta lan baldintzak oso prekarioak dira. Uste dut hori baino gehiago merezi dugula", azaldu du langileen ordezkari  Itsaso Elkorobarrutiak. "Udalak hurrengo astean atera nahi du zerbitzuaren lizitazioa. Eskatzen diogu guk lan hitzarmena sinatu arte itxaroteko".

Elkorobarrutiak azaldu du bai Udalarekin eta bai enpresarekin egon direla. "Enpresarekin, oraingoz, ez dago akordiorik eta hasiera batean Udalarekin harremana ona izan bazen ere oporretatik bueltan erantzuna bestelakoa izan da. Ez dakigu zer gertatu den, baina langileak gaude arazoaren erdian".

Eguenerako, hilaren 28rako, deitu dute hurrengo mobilizazioa. Ordurako aurrerapausorik ez badago langileek greba egingo dute urriaren 2tik 6ra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak