Maider Azkargorta: "Emakumeen futbolak nahiko indar du Australian"

Hasier Larrea 2023ko ira. 2a, 09:06

Brisbane-ko Suncorp estadioan.

Brisbanen bizi da duela zazpi hilabetetatik; ingelesa ikastera joan, eta lanean dabil gaur egun, haurrak zaintzen. Munduko futbol txapelketa bertatik bertara jarraitu du.

Belgikan Erasmusa egin zuenetik mundua ezagutzeko gogoa sartu zitzaion Maider Azkargortari (Eskoriatza, 1998). Pandemia ostean ez zuen bitan pentsatu, eta joan den otsailean Brisbanera joan zen.

Ze helbururekin joan zinen hara?

Ingelesa ikasteko ikastaroa egitea zen hasierako asmoa. Sei hilabete iraun zuen eta dagoeneko bukatu dut. Egia esan, gehiago ikasten da kalean edota lanean, eskolan baino. Slang-a darabilte, bertako ingelesa, nolabait. Adibidez, breakfast esan ordez, brekkie esaten dute, eta afternoon beharrean, arvo.

Lan egiteko aukerarik izan duzu?

Azkenaldian murriztu egin dira aukerak, kanpotar asko etorri garelako. Edozein lan egiteko tituluren bat atera behar da. Bizitza garestia da hemen, beraz, hasieran toki guztietara deitzen nuen lan egiteko: garbitzaile, zerbitzari... berdin zitzaidan. Baina irakaskuntza ikasi dudanez, ume-zaintzaile aritzeko nahia nuen, eta Facebook taldeen bitartez familia batengana iritsi nintzen. Astean hiru egunez zaintzen ditut euren haurrak, eta beste bi egunez beste familia batenak. Asteburuetan atseden hartzen dut.

Nolakoa da jendea?

Oso jatorra. Kontziente dira kanpotarrok euren hizkera ulertzen ez dugunean, eta eskertzen dute guk euren hizkuntza ikastea. Elebakarrak direnez, inbidia dute. Gainera, ondo datorkie gu hona etortzea, egin nahi ez dituzten lanak egiten ditugulako. Okerrago portatzen dira aborigenekin, nabari da arrazismoa kalean.

Munduko Kopa jarraitu duzu?

Brisbanen partidu batzuk jokatu dira eta futbol zelaia bizi naizen etxearen alboan dago. Lagunei esan nien joan beharko ginela partidu bat ikustera, behintzat. Ingalaterra eta Nigeriaren artekoa ikusi genuen zuzenean. Esan behar da Australian errugbiak mugitzen duela zalegoa bereziki; hala ere, emakumezkoen futbolak indar dezente dauka, bertako selekzioari Matildas deitzen diote.

Norbere selekzioa animatzera jende asko joan al da?

Ikusi ditudan gehienak Australian bizi diren kanpotarrak izan dira. Australiarrek ere asko jarraitu dute euren taldea. Estadio kanpoan postuak, jokoak eta publizitatea jarri dituzte, eta hirian zehar bi pantaila handi. Espainia eta Ingalaterraren arteko finala horietako batean ikusi nuen, giro ederrean.

Sari banaketan gertatukoaren oihartzuna nolakoa izan da han?

Rubiales aferak ez du zarata handirik atera. Nire ingurukoek ez didate horri buruz galdetu. Jokalari askok eman dute euren iritzia, baina herritarrek, dirudienez, ez. Irakasle batek behin esan zidan hemengo gobernuak dena estaltzen duela, kanpora begira irudi segurua eta perfektua erakusteko.

Ze asmo duzu aurrera begira?

Printzipioz, beste urtebete egingo dut hemen, gustura bainago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak