Haize freskoa eroango du ZeDemontre topaketak Santa Marina plazara

Hasier Larrea 2023ko uzt. 13a, 13:18

Ezkerrean, Maddi Gabilondo; erdian, Eskoriatzako txalapartariak Larraitz Iparragirre margolariarekin; eta eskuman, Irati Etxebarrieta.

Bihar, ostirala, ZeDemontre topaketa egingo dute, bigarren aldiz; oraingoan, Santa Marina plazan. Arizmendi Ikastolako batukada taldearen kalejiraren ostean, hiru sortzaile eskoriatzar izango dira protagonista nagusiak: bi bakarlari eta margolari bat.

Iaz estreinatu zen ZeDemontre topaketa artistikoa, Eskoriatzako Kultura Sailak sustatuta, herriko sortzaileek egiten duten lana ikusarazteko helburuarekin. Pizgarri bezala sariak jarri zituzten, eta aurten ere irabazleek diru-sarrera bat eramango dute etxera. Baina garrantzitsuena arratsalde goxo eta berezia pasatzea izango da, eta, horretarako, hainbat aldaketa egin dituzte iazko planteamenduarekin alderatuta. Hasteko, emanaldiak toki bakarrean izango dira, Santa Marina plazan, eta ez Herriko Plazan eta Zaldibar antzokian. Bestalde, sari banaketa egunean bertan egingo dute, hiru partaideen proposamenak ikusi eta entzun ondoren.

Nor bere aldetik bi bakarlari gazte animatu dira gitarra akustikoa jo eta abestera: Maddi Gabilondo eta Irati Etxebarrieta. 19:00etan ekingo dio lehenak eta 19:45ean bigarrenak. Haien ostean, Larraitz Iparragirre margolariak Eskoriatzako txalapartariekin batera egingo du pinturaz eta musikaz uztartutako emanaldia.

EMAKUMEAK IZANGO DIRA OSTIRALEAN, 18:30EAN, HASIKO DEN EKITALDIKO PROTAGONISTAK

Baina topaketa irekiko dutenak Arizmendi Ikastolako batukada taldekoak izango dira. 18:30ean hasiko dira Akeita inguruan kalejiran, Santa Marinarako norabidea hartuta.

Iazko irabazlea Andoni Bengoa bakarlaria izan zen, eta, bitxikeria modura, aurtengo partaideetako batekin istorio polita partekatzen du. "Nire emanaldia hasi aurreko soinu-proban huts egin zidan gitarrak, eta Irati Etxebarrietari eskatu nion harena uzteko; gauzak zer diren: aurten hura animatuko da kantuak jotzera", azaldu du Bengoak.

Herriko garagardo freskoa

Taberna faltan, Eskoriatzako Gerrigardo artisau markaren ekoizleek txosna txiki bat jarriko dute Santa Marinan, Errex garagardoa zerbitzatzeko. Aritz Oianguren da garagardogileetako bat, eta hauxe esan du: "Guretzat oso aukera polita da ZeDemontren salmenta-puntua jartzea. Orain arte, Ferixian saltzen genuen; eta orain, tabernetan hasi gara, konpetentzia handia dugula jakin arren. Hazten gabiltza; iaztik, Garagardogile Nomaden parte gara".

Zer dela eta parte hartuko duzue eta zein izango da zuen eskaintza?

Izaskun Zubizarreta,  Arizmendi Ikastolako batukada taldea:

"Eskoriatzako Udaletik deitu ziguten ea kalea girotzera animatuko ginen galdezka. Ferixian hala ibili ginen, eta gustatu egin zitzaien, antza. Batxilergoko lehen maila bukatu berri duten dozena bat ikasle inguruko taldea osatzen dugu, eta gehienok han izango gara. Musika eskolak ematen dizkiet, eta haiena izan zen taldea sortzeko ideia. Errekreoetan entseatzen genituen guk geuk sortutako erritmoak. Plastikozko bidoiak eta Burrunba batukada taldeak utzitako materiala dira gure musika tresnak".

 

Maddi Gabilondo, bakarlaria:

"Antolatzaile batek animatu ninduen parte hartzera; izan ere, maiatzean hiru abestiko emanalditxoa egin nuen Aretxabaletan, ikas bidairako dirua lortzeko ekitaldian. Zapore onarekin geratu nintzen orduan, kontuan hartuta urte asko neramatzala abestu barik. Gitarra ere konfinamenduan hasi nintzen jotzen. Aurretik pianoa jotzen nuen, baina hobeto moldatzen naiz gitarrarekin; aitak jotzen jakiteak ere laguntzen dit. Zazpi bertsio joko ditut, denera; tartean, Izaroren pare bat eta Katamaloren bat".

 

Irati Etxebarrieta, bakarlaria:

"Argentinan egon naiz ikasten bost hilabetez, eta hona etortzerakoan belauneko lesioa izan nuen. Etxetik irten ezinak gitarra jotzearen zaletasuna berreskuratzera eraman nau. Ferixian Andoni Bengoak poltsa bat oparitu zidan iaz, ZeDemontren egin nion faboreagatik, eta okurritu zitzaidan aurten nik eman nezakeela izena. Euskarazko abestiak joko ditut gitarrarekin; batzuk nireak eta beste batzuk, cover-ak. Nire bizitzako alderdi ezberdinei buruz egiten ditut kantuak, eta Petti eta halako artistenak bertsionatu".

 

Larraitz Iparragirre, margolaria:

"Iaz, plazako kontzertuan egon nintzen, eta gustatu egin zitzaidan formatua; lehiaketa baino gehiago, elkargune bat dela uste dut. Eskoriatzako txalaparta taldea izango dut aldamenean; poz-pozik daude, aspaldiko partez elkartu dira eta. Saio esperimentala izango da; haiek ttakuna jo bitartean, margolan abstraktu bat marraztuko dut mihise handi batean. Eñaut Zubizarretaren abestiak ere entzungo dira bozgorailutik. Hain zuzen, harekin egin nuen antzeko saio bat Urbaltzen maiatzean, katalanak etorri zirenean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak