23 urtez azpikoen kategorian hartu du parte Arriolabengoak, eta hiru ordu, 30 minutu eta 47 segundo behar izan ditu 143,9 kilometroko ibilbidea egiteko. Caja Rural-Alea taldeak azaldu duenez, taldekideek hasieratik izan dute helburu lasterketa kontrolpean izatea, eta Arriolabengoak ere gaineratu du eskertuta dagoela: "Ez nekien nola erantzungo zidaten hankek, azken itzulian ikusi dut oso ondo nenbilela, oso erraz, eta taldekideei esan diet nitaz fidatzeko. Laguntza eman didate, oso eskuzabalak izan dira".
Hain justu, Jan Castellon taldekidea izan du alboan tarte handi batean, baina Arriolabengoak aurrea hartu dio; alabaina, bigarren egin du Castellonek. "Ilusio berezia egiten dit garaipen honek, Araban egiten diren bakarrenetakoa delako". Gainera, Arabako Txapelketa ere izan da aldi berean, eta, beraz, erantsi du "sari bikoitza" erdiestea lortu duela.
Bigarren hitzordua, bihar
Bihar izango da Lehendakari Txapelketako bigarren hitzordua, Antzuola saria jokatuko baita goizean. Arriolabengoa ez da bertan izango, baina, bai, ordea, beste debagoiendar batzuk: Unai Cueva (Grupo Eulen-Nuuk), Aimar Erostarbe (Basque Team) eta Aimar Madina (Caja Rural) oñatiarrak. Hain justu, Erostarbe eta Cuevak ere gaurko lasterketan hartu dute parte, baina ez dira lehen sailkatuenen artean izan: Erostarbek, 35. postua eskuratu du eta Cueva 77. izan da helmugara iristen.