Dena ez da Tourra: Antzuola saria domekan

Xabier Urtzelai 2023ko uzt. 7a, 19:27

Etzi jokatuko dute antzuola sariaren 77. aldia. iaz, Lizartekoek erakustaldia egin zuten, hiru taldekide batera sartu ziren-eta helmugan. bada, txapela jantzi zuen Pablo Carrascosa irteera-puntuan izango da; ibarreko ziklistak ere lehiatuko dira.

Joan da Frantziako Tourra, baina txirrindularitza hori baino gehiago da. Lehen ere bazeuden lasterketak Debagoienean, eta aurrerantzean ere izango dira. Ez dago zain egon beharrik, gainera, domekan jokatuko dute-eta, Peña Ayastuik antolatuta, Antzuola sariaren 77. aldia, Iñaki Lete memoriala. Lasterketa Lehendakari txapelketarako baliagarria izango da. Hain zuzen, txapelketa hori zapatuan hasiko dute, Murgian. Eta domekan izango dute asteburuko bigarren zita, Antzuolan; 23 urtez azpikoekin batera 27 urtez azpikoak ere izango dira irteera-puntuan (09:30), eta tropel handia batuko da, eguenerako 169 txirrindularik emana zuten-eta izena.

Lizartekoen nagusitasuna

Lasterketak urteroko zirkuitu klasikoa izango du: ziklistek birritan igoko dute Deskarga, eta Asentzioko maldek egingo dute, 100. kilometroan, tropelean aukeraketa zorrotza. Ikustear dago hor bakarren bat aurreratuko den edo taldetxo batek egingo duen aurrera, Elgetatik Bergarara jaitsi eta Antzuolan azken esprint erabakigarria egiteko.

Iaz, Lizarteko mutilek –gaur egungo Finisher taldea– erakustaldia egin zuten, hiru ziklista batera iritsi ziren-eta helmugara. Pablo Carrascosa extremadurarrak lortu zuen garaipena, baina eskutik helduta helmugaratu ziren Sinuhe Fernandez eta Pablo Castrillo. Izan ere, Asentzioko igoera erabakigarrira Enekoitz Azparren (Laboral Kutxa), Pablo Castrillo eta Sinuhe Fernandez (Lizarte), Angel Coterillo eta Iker Trigo (Gomur-Cantabria Infinita) eta Jan Castellon (Caja Rural-Alea) heldu ziren ihesaldian. Kanpanzarren behera ziztu bizian joan ostean, Antzuolarako bidean eta sei kilometroren faltan heldu zen taldera Carrascosa.

Heldu bezain laster, helmugarako sei kilometro gelditzen zirela erasoa jo zuen extremadurarrak, eta haren bi taldekideek ederki babestu zuten atzetik. Azkenean, Antzuola herrigunera hirurak batera heldu ziren, segundo batzuetako abantailarekin, eta eskutik helduta sartu ziren, gainera. Bada, domekan Pablo Carrascosa irteera-puntuan izango da. Oraingoan ez du Fernandezen eta Castrilloren babesik izango, baina Finisher izango da gertutik zaindu beharreko taldeetako bat.

Debagoiendarrak irteeran

Domekan, Antzuolako irteera puntuan izango dira zenbait ziklista debagoiendar, besteak beste, Unai Cueva (Grupo Eulen-Nuuk) Aimar Erostarbe (Baque Team) eta Aimar Madina (Caja Rural) oñatiarrak. Hain zuzen, iaz, eguneko protagonistetako bat Aimar Erostarbe oñatiarra izan zen. Baque taldekoa eguneko ihesaldian sartu zen-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak