Dorleta Encina: "Guretzako, etxeko senide bat gehiago da Karyna"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 30a, 13:29

Dorleta Encina eta Karyna, Eskoriatzan, eguaztenean.

Karyna Starovoitenko 2014an iritsi zen lehenengoz Eskoriatzara, eta beso zabalik hartu zuten Dorleta Encinak (Eskoriatza, 1977) eta bere familiak. Txernobyldik 100 bat kilometrora dagoen Olyva herrixkakoa da eta Chernobil elkartearen bitartez etortzen da hona urtero, bi hilabete igarotzera. Encinak dio etxeko bat gehiago dela.

Nola suertatu zitzaizuen Karyna etxean hartzeko aukera?

Aspalditik buruan geneukan ideia zen, baina ez genuen benetan planteatu ordura arte. Urte hartako neguan, irratian entzun genuen Chernobil elkarteak kanpaina irekita zuela ,eta, kasualitatez, Ukrainatik neska bat ekartzera zihoan beste familia batekin elkartu ginen. Beraz, animatu egin ginen. Gure alabak 4 urte zituen orduko hartan, eta hark ere pozik hartu zuen ideia.

Lehen harremana nolakoa izan zen harekin?

Hasieratik oso harreman polita sortu da gure artean, eta bereziki gure alaba Sararekin oso harreman ona dauka Karynak. Bi urteko aldea dute eta Karynak esaten digu Sara izan dela bere erreferentzia hasieratik. Elkar ez ulertu arren, jolasean aritzen ziren eta ondo konpontzen ziren.

"Hasieratik oso harreman polita sortu da gure artean"

Nola iritsi zen Karyna? Zein zen haren egoera?

Argal samar, begi-zuloekin… Han egoera ez da erraza eta oso herrixka xumeetan bizi dira. Ez dira gose, baina behar asko dituzte, bizitza gogorra da han. Langabezia-tasa handia da, baita alkoholismo maila ere.

Egoera zail horri gerra batu behar zaio orain.

Hori da. Karynaren kasuan, militarrek hartu zuten haien herrixka eta oso egoera gogorrak bizi izan zituzten, lur azpian gordeta eta beldurrez. Are gehiago, basotik ihes egin behar izan zuten eta Karina urtebete egon zen hemen iaz.

Halako errealitate batetik etorrita, nola hartzen dute hemengo egonaldia?

Lehenik eta behin, askoz ere hobeto elikatzen dira hemen. Azken batean, hango elikagaiak oso oinarrizkoak dira, ortutik jasotakoak, eta, hango erradiazioaren eraginez, ez dira oso osasuntsuak. Behiek ere erradiatutako belarra jaten dute, eta, ondorioz, esnearekiko mesfidantza handia dute han. Gogoratzen dut Karyna zoratu egiten zela hemengo frutarekin eta elikagai guztiak probatzen zituela hasieran.

Mesede egiten diete, beraz.

Bai, noski. Kilo batzuk hartzen dituzte eta begietan ere beste kolore bat igartzen zaie. Era berean, egoera bera ere askoz hobea da hemen eta ez dauka zerikusirik han pasa dezakeen uda batek hemen pasatzen duenarekin. Zorionez, haren hango familiaren maitasunik ez zaio falta, eta hori ere garrantzitsua da.

"Zorionez, haren hango familiaren maitasunik ez zaio falta, eta hori ere garrantzitsua da"

Eta zuei zer ematen dizue hura hemen egoteak?

Asko; batez ere, gure alabari, Karynak balio asko irakatsi dizkiolako. Guretzako, etxeko senide bat gehiago da eta urtean zehar ere harremana mantentzen dugu. 2018an, Ukrainan egon ginen eta bertatik bertara ikusi genuen hango egoera. Karynaren familia, eskola eta inguruak ezagutu genituen, eta horrek ematen dizun ikuspegiak ere asko irakasten dizu. Hemen pribilegiatu hutsak gara haien aldean.

Aste honetan iritsi da Ukrainatik.

Bai; herenegun iritsi zen, eta, autobusetik jaitsi ahala, hango bizipenak kontatzen hasten zaigu beti. Pentsatzen hasita, konturatzen zara nolako bizitza gogorra duten han eta ze heldutasunekin egiten dioten aurre. Gu askoz ere gauza txikiagoengatik gehiago larritzen gara gure bizitza eroso honetan.

Zein lan egiten du Chernobil elkarteak?

Azken batean, harrera-familia bakoitzak daukan beharretara egokituta egiten dute aukeraketa, harremana ahalik eta naturalena izan dadin. Era berean, hango egoerari buruzko informazioa ematen digute, eta gure etxera datorren umearen familiari buruzkoa ere bai. Azpimarratu gurako nuke lan bikaina egiten duela elkarteak, eta, mila arazo izan arren, beti saiatzen direla konponbide bat aurkitzen. Oso pozik gaude haiekin.

"Azpimarratu nahiko nuke lan bikaina egiten duela Chernobil elkarteak"

Esperientzia aberasgarria da, beraz. Gomendagarria?

Zalantza barik. Probatzera animatuko nituzke hemengo familiak. Egia da hasiera zaila dela, hizkuntzaren muga handia delako, baina asko ikasteko balio du, ekarpena handia da, eta, haren poztasuna ikusita, zu ere pozik geratzen zara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak