Inbidia gutxi diote San Sebastian egunari

Hasier Larrea 2023ko eka. 26a, 15:06

Jaietako ekintzarik garrantzitsuenetakoa da Eskoriatzan danborrada, Andoni Moto zuzendariaren esanetan: "Agian, garrantzitsuena, 200 lagunek baino gehiagok parte hartzen dugulako". San Pedro egunaren bezperako gaua zaratatsu dator, beste behin.

Datorren martitzenean, hilak 27, entsegu orokorra egin eta eguazten gauerako dena prest utziko dute aurtengo nagusien danborradan parte hartzera animatu diren 240 eskoriatzarrek. Urteroko ibilbidea jarraituz, San Pedro auzotik irtengo dira, 22:30ean, Jose Arana egoitzan geldialdia egin, Olazar eta Aranburuzabala zeharkatu, Elixoste elkartean beste geldiune bat egin eta Herriko Plazan amaituko dute martxa. Bien bitartean, zortzi pieza interpretatuko dituzte: Tatiago, Diana, Iriyarena, Ibilera, Katiuska, Deba, Esko aurrera eta Marioren martxa. Azken bi horiek iaz gehitu zituzten ohiko errepertoriora, eta danborradako zuzendari orokorrak, Andoni Motok, azaldu duenez, entseguetan ahalegin berezia egin dute bi kantuen danbor-kolpeak barneratzeko.

Hamar batailoi

Kirol Elkarteak aurten ez du taldetxoa antolatzerik izan, baina, gainontzean, errepikatu egingo dute 2022ko batailoiek. Hartara, Elkartasuna talde gazteak 146 lagun batuko ditu hiru batailoitan, eta beste zazpiak Eguzkilore, Dorleta elkartea, Irrintzi, Elizoste, San Pedro-Intxaurtxueta, Egokiena eta Gu Geu izango dira; batez beste, hamasei danbor-jolerekin.

Haurrena, datorren egunean

Aurtengo nobedadeetako bat, haurren danborrada, San Pedro egunean aterako da, ekainaren 29an, eguena. Guraso antolatzaileek ahalegin handia egin dute etxeko txikienak ekitaldira erakartzeko. "Hasieran, 35ek eman zuten izena, eta bukaerarako 106 animatu dira; pozik gaude: zenbat eta danbor-jole gehiago, hobeto!", adierazi du antolatzaileetako batek, Luis Miguel Lekuonak. Lau batailoitan banatuta, 19:00etan abiatuko dira, kiroldegitik; Dorletarantz igo eta Herriko Plazara jaitsiko dira. Bost pieza izango dituzte hizpide, aurreko egunean nagusiek jotakoak denak. Ohar gisa, Lekuonak aipatu du bukaeran danborrak eta jantziak Zaldibar antzokian utziko dituztela, eta ez frontoian, "pilota partiduak egongo direlako jokoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak