Asteazkenean aurkeztu zuten, Zaldibar aretoan, Eskoriatzako jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa. Herriko mugimendu feministako kideek atzemandako beharrari erantzutea du helburu. "Jarrera matxistak saihesteko eta gertatuko balira nola jokatu jakiteko, jarraibide batzuk zehaztu ditugu, denok gustura sentitzeko espazio onak sortu guran", adierazi du Asun Badiolak, Talde Feministako kideak.
Jarraibide horiek Sortzen erakundeko Ainhoa Al Rifaiek azaldu zituen. Haren esanetan, "emakumeren batek edo LGTBIQ+ kolektibokoren batek eraso matxistarik sufritzen badu, garrantzitsuena berehalako erantzuna aktibatzea da, biktima une oro artatua eta lagundua senti dadin".
Berehalako erantzuna
Indarkeria sexista eta matxista kasuak askotarikoak izan daitezkeela aipatu zuen: "Irainak, mespretxuak, kontaktua ezarri nahi izatea besteak nahi gabe, atzetik ibiltzea... Halako jarrerak matxismoaren ondoriozkoak dira". Horien aurrean berehalako erantzuna aldarrikatu zuen: "Biktimaren intimitatea eta nortasuna babestu behar dira, entzuteko prest agertu, gertaera prozesatzeko astia eman, haren konfiantzazko pertsonaren bat bilatu, laguntza medikua edota salaketa jartzeko eskubidea duela azaldu eta ziurtatu ez dela bakarrik geratuko".
Era berean, biktimak hartzen duen erabakia errespetatzea hobetsi zuen, eta erasotzaileari inolako konplizitaterik ez adieraztea: "Biktimak nahi badu, lekuko arduradunari –tabernariari, txosnako langileari...– erasoaren berri emango diogu, erasotzaileari handik alde egitea eskatzeko. Erasoa gertatu dela jakinarazteko, tabernako alarma piztea eta musika etetea ere soluzio egokiak dira".
Hurrengo egunetan eman beharreko erantzunak gizarte-mailakoak izango direla ere aipatu zuen Al Rifaiek. Gaitzespen-adierazpenak zabaltzea, ekitaldiak tarte batez edo oso-osorik etetea, elkarretaratzeak egitea edota eskuorriak, pegatinak eta baliabideen kartelak banatzea jarri zituen adibide moduan: "Balioa emango zaie biktimaren nahiari eta erasoak udalerrian izandako inpaktuari; erantzunak erreparatzeko, sentsibilizatzeko eta prebenitzeko balioko du".
Herrian zabaltzera
Protokoloa lantzeko bi bilera ireki egin dituzte; parte hartzaileentzat oso aberasgarriak izan dira, "ibilbide luze baten oinarria eraiki" dutelako. Lanketa hori herrian zabaltzea da orain erronka, ahalik eta eragile gehienengana iritsi eta kasuan kasu egin daitezkeen dinamikak fintzen joateko, ez bakarrik sanpedroei begira, edozein jai, aisialdi edo hezkuntza testuingurutan aplikatzeko baizik.