Koldo Martinez: "Demokrazia da botoak erabiltzea herriaren ongizatearen alde"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko eka. 9a, 09:39

Koldo Martinez.

Koldo Martinez Espainiako senataria izan da azken legealdian, Nafarroako Parlamentutik; maiatzeko hauteskundeetan Geroa Bairen Iruñeko alkategaia izan zen eta bi zinegotzi lortu zituen.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen emaitzek Nafarroan eta Iruñean utzi duten mapa politiko berriaz dihardu Koldo Martinezek (Eskoriatza, 1953).

Iruñean nolako egoera utzi dute hauteskundeek?

Iruñean UPN izan da, Nafarroako eskuina, boto gehien lortu duen taldea; ondoren geratu dira EH Bildu, alderdi sozialista eta Geroa Bai. Horrek esan nahi du, boto batzuk gora edo behera, egoera 2019koaren oso antzerakoa dela. Irabazlea eskuina izan da, baina talde aurrerakoiek gehiengoa daukagu. Iruñeko %55ek talde aurrerakoiei eman diete euren botoa.

Lau talde aurrerakoiak ados jarri nahian zabiltzate. Zein puntutan daude negoziazioak?

Badakizu politikan momentu batetik bestera dena alda daitekeela, baina, gaur-gaurkoz, gertatzen dena da lau talde aurrerakoien artean adostasunik ez dugula lortu, eta okerrena dena: ez gara batu ere egin. PSNk esaten duena esanda eta EH Bilduk esaten duena esanda, egoera da blokeoan gaudela. Blokeo horri irtenbiderik ematen ez baldin badiogu, UPN izango dugu Iruñeko alkatetzan.

Zuk zeuk adierazi duzu EH Bilduri babesa emango diozula.

Bai, noski. Kanpainan zehar bakoitzak berea esan du: guk argi eta garbi esan genuen gure botoa talde aurrerakoi bati emango geniola. Zer gertatzen da? Guk Asironi emango diogun botoa ez dela nahikoa Iruñean alkate progresista bat izateko. Geroa Bairen ustez eta Iruñeko herritar aurrerakoiaren ustez, hori onartezina da.

Titular askotara ekarri da kontsentsuko hautagaitza lortzeko zeure burua aurkezteko prest zaudela. Posible ikusten duzu hori?

Nik ez dut hori esan. Noski, irtenbide posible bat bilatu behar dugu, bai edo bai. Zelako aurpegiarekin begiratu behar diegu Iruñeko herritarrei ez baldin bagara gai gure artean benetako irtenbide posible bat lortzeko?

UPNk alkatetza lortzen badu, nortzuk izango dira erantzule?

Lau indar aurrerakoiak, noski. Gauza bat da boto gehien lortzea; hori oso pozgarria izango da. Baina boto asko izateak ez dizkizu eskubide guztiak ematen. Demokrazia ez da hauteskundeak konbokatu eta boto gehien lortzea bakarrik; demokrazia da botoak erabiltzea herriaren interesen arabera, eta herriaren ongizatearen alde. Horretarako, askotan, negoziatu egin behar da. Nik uste dut demokraziak alderdi politikoei bi bertute exijitzen dizkigula: alde batetik, koherentzia, esaten dugunarekin bat etortzea eta esan duguna egitea; eta beste bertutea da eskuzabaltasuna. Eskuzabaltasun hori erakutsi behar da zure botoak ez direnean nahikoa gehiengoaren nahiak lortzeko. Nik bi zinegotzi ditut; zinegotzi gehiago dituztenek erantzukizun askoz handiagoa dute.

Zeintzuk dira Iruñearen erronkak?

Kanpainan lau taldeok aurkeztu dugun programa oso antzerakoa izan da. Azken lau urteetan UPNk gidatutako Udala guztiz itxita egon da herri eta auzo mugimenduei, kultur elkarteei... Hori ezin du onartu talde progresista batek. Udalaren ateak zabaltzea izango da lehen erronka. Bigarrena, aldiz, kohesioa. Badira Iruñean hainbat auzo oso modu ezberdinean tratatuak izan direnak. 2023an ezin da horrelako diskriminaziorik onartu. Beste alderdi bat euskara da: %40k euskararen alde gauden alderdiei eman diete botoa.

Nafarroako Parlamentuan, aldiz, Geroa Baik izango du presidentetza.

Sozialistek dena nahi zuten; Gobernuko presidentetza eta baita parlamentuko lehendakaritza ere. Guk bi parlamentari galdu ditugu, baina, hala ere, guztiz beharrezkoak gara Gobernu aurrerakoia egiteko. Exijitzen dugu gutxienez azken legealdian izan duguna: Parlamentuko presidentea eta Gobernuan egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak