Julen Arriolabengoa: "Lider egoteari balio handia ematen diot"

Xabier Urtzelai 2023ko eka. 2a, 15:00

Julen Arriolabengoa, iaz, helmugan besoak altxatzen Caja Rural taldearekin.

Otsaila ezkero erakutsitako erregulartasunari esker, Julen Arriolabengoa (Eskoriatza, 2001) Euskaldun Txapelketako liderra da. Asteburuan utzi dezake lehia erabakita, zapatuan Seguran eta domekan Irunen jokatuko dituzten lasterketetan. Laboral Kutxako Iker Mintegi 9 puntura dago. Argazkiak: Martín Early.

10 urte zituenean joan zen Julen Arriolabengoa (2001) Eskoriatzatik Erentxunera, Arabara, bizi izatera. Baina Apotzagakoak aitortu du entrenamendu saio luzeak egin behar dituenean Debagoienera etortzen dela, hemengo mendate bila. Eskoriatzarra amateur mailako torneo garrantzitsuena irabazteko puntuan dago, eta profesional mailara igotzeko salto batera Caja Rural taldearekin. Asteburuan Seguran eta Irunen erabakita utz dezake txapelketa.

Zer esan gura du Euskaldunan lider joateak?

Egutegia otsailean hasi genuenetik erregulartasun handia izan dudala, lasterketa ia guztietan aurreko postuetan ibili naizela, eta horrek emandako puntuei esker nagoela hor. Denboraldia hasterakoan lasterketak irabaztea izaten da buruan, ez txapelketa irabaztea. Azken lasterketetan, baina, egia da bigarren dagoen Iker Mintegi (Laboral Kutxa) eta ni sailkapen orokorrera begira ibili garela lehian, eta igarri egin da lasterketetan. Elkar zaintzen gabiltza, baita gure taldeak ere.

Mintegik 112 puntu ditu eta zuk, 121. Eta hiru lasterketa geratzen dira.

Bai, eta asteburuan egingo ditugu bi, zapatuan Seguran eta domekan Irunen. Etzi erabakita gera daiteke sailkapen orokorra, eta nik lasterketa batean atzerago geratzeko tarte apur bat handiagoa daukat. Ikusiko dugu...

Talde profesionalek zer baloratzen dute gehiago?

Bi gauzak, esango nuke. Hau da, lasterketak irabaztea bai, baina urte osoan erregularra zarela erakustea ere bai. Taldeek gaur egun World Tourreko abiadura azkarretara azkar egokituko diren ziklistak nahi dituzte, txirrindulari moduan eginda daudenak. Batzuek oso gaztetatik erakusten dute badutela maila hori, eta beste batzuek denbora gehiago behar dute.

Euskaldun Txapelketan bost alditan igo zara podiumera, baina irabaztea falta izan zaizu... Aldatuko zenuke sailkapen orokorreko lidergoa garaipen batekin?

Balentziaga edo maila horretako lasterketa bat irabazteagatik bai [Barreak], baina Euskaldunan lider egoteari balio handia ematen diot. Bestalde, urte hasieran Murtziako Itzuliko hirugarren etapa irabazteak lasaitasun handia eman zidan; hala ere, bai, ziklistak beti gaude hurrengo garaipena noiz iritsiko zain, eta urduritasun puntu batekin.

Txirrindulari moduan zelakoa zara?

Igotzaile ona naizela esango nuke, eta azken urteotan igoeran amaitzen diren lasterketetako azken metroetan abiadura irabazi dut, azkarra naiz hor. Gainera, lasterketak zenbat eta gogorragoak izan, hobeto. Iaz 23 urtez azpiko Italiako Giroan ikusi nuen egunak aurrera joan ahala ez nuela behera egiten, mailari eusten diodala edo nekea beste batzuek baino hobeto kudeatzen dudala.

Asteburuan Seguran eta Irunen dituzue lasterketak. Zein datorkizu hobeto?

Irungoa. Euskal Herriko probak, orokorrean, gogorrak izaten dira, baina Irunen malda gogorragoak izango ditugu.

Caja Ruralen harrobian diharduzu, eta goian talde profesionala izatea lagungarri izango da saltoa emateko.

Bai, beti da lagungarri. Hain zuzen, horretarako dute beheko taldea, nabarmentzen diren txirrindulariak gora igo ahal izateko. Gero, taldeak momentuan duen beharren arabera egiten du ziklista baten edo bestearen aldeko apustua. Baina, orain arte, konfiantza handia eman dit taldeak.

Txirrindularitzaren aldeko apustu itsua egitea, baina, arriskutsua da.

Zalantza barik. Irakasle ikasketak egiten dihardut MUn, Eskoriatzan. Hirugarren urtera arte egin dut eta aurten ziklismoan nabil buru-belarri, baina badakit hau lehenago edo geroago amaitu egingo dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak