EAJk "eraikitzen jarraitzeko" programa aurkeztu du

Hasier Larrea 2023ko mai. 19a, 10:09

Eskoriatzako EAJk hamar puntuko programa aurkeztu du: "Guztion artean Eskoriatza eraikitzeko helburuarekin". Musika eskola eta kanpoko igerileku berriak, adinekoei zuzendutako arreta eta genero berdintasunaren aldeko dinamikak dauzkate jomugan.

Udal eta foru hauteskundeetarako atzerako kontaketa martxan dago, eta Eskoriatzako EAJk prest du herritarrei zuzendutako programa. Kultura arloan "apustu garrantzitsua" egingo du alderdi jeltzaleak, Musika Eskola berria erreferente izatea nahi baitu, "hazteko espazio duin" hori eskolako arduradunen eskutik diseinatuta.

Kale irisgarriak

Adineko pertsonak udal ekintzaren erdigunean jartzea ere proposatu dute, "euren inguru hurbilenean modu autonomoan bizitzeko behar dituzten baliabideak dauzkatela ziurtatuz".

Kirolzaleei begira, hiru dira jomugan dituzten berrikuntzak: kanpoko igerilekua, pilotalekua eta muskulazio-gimnasioa.

Genero berdintasunari dagokionez, gizartearen kontzientziazioa bultzatzeaz gain, "emakumeak mehatxatuta sentitzen diren espazioak murrizteko lanean" jarraituko dutela hitz eman dute. Luis Ezeiza eskolaren ingurua berrurbanizatu eta eskoriatzarrendako topagune bihurtzea da beste egitasmo bat, Hezkuntza Sailaren, gurasoen eta ikastetxeko arduradunen eskutik.

Irisgarritasunean, San Pedro 6-9 atzealdeko espaloi berrian, Aranburuzabala kalean eta Olazar auzoan jarriko dute hobekuntza-obrak bultzatzeko arreta.

Herriko errealitate linguistikoa errespetatze aldera, euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzen jarraitzea bada EAJren beste asmo bat, hori ere eskoriatzarren eskutik eginda.

Baserritarrez ez dira ahaztuko, konpromisoa erakutsi baitiete haien ordezkarien eskutik lan egiteko; elizateetan azpiegitura gehiago eraikita, esaterako.

Energia garbia eraikinetan

Eskoriatza jasangarriagoa lortzeko, eraikin publikoak energia garbia sortzeko gailuekin hornitzeko hainbat proiektu garatzea proposatzen du EAJk. Bestalde, hiritarren energia komunitateak bultzatzen jarraitzeko erabateko konpromisioa dute Eskoriatzako jeltzaleek; adibidez, Ekiola proiektuarekin.

Eta gehien behar duten pertsonentzako laguntza-programak mantendu eta indartuko dituzte; tokiko komertzioarekin antzera, erosketa-bonuen programak eta halakoak garatzen jarraituko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak