Atxorrotxera, maiatzeko lehen domekak aginduta

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mai. 5a, 08:00
Uxarretik Atxorrotxeko tontorrera bidea garbituta –apirilean ateratako irudia–, urrunean ermita dagoela. Argazkia: Peli Beltran de Heredia

Maiatzeko lehenengo domekan ospatzen da Eskoriatzako mendiaren eguna: Atxorrotx Eguna. Aurten ere ez du hutsik egingo, eta, egitarauan berritasun handi barik, 738 metroko altuera duen tontorrera igoko dira herritarrak goizean zehar.

Domeka honetan, eguna hasteko diana izango da, 09:00etan, herrigunean, txistulariekin. 11:00etan, berriz, meza, Gurutze Santuaren ermitan; hau da, Atxorrotxeko ermitan. Kanpai hotsik ere ez da faltako goiz osoan; ohiturak dioen moduan, hango kanpaiak joz gero, ekaitzak uxatu egiten baitira. Horrekin batera, taberna ere jarriko dute han, eta, mokadutxo bat hartu eta zerbait edateaz batera, Atxorrotxeko kobazuloan alde batetik bestera pasatzeko tartea hartuko dute, seguruenik, txikienek. Arratsaldean, berriz, 18:00etan, Fernando Eskoriatza plazan Gauargi taldearekin erromeria izango da.

Tabernan aldaketa

Azken hogei urteetan jarri dute Atxorrotx gobernuz kanpoko erakundeko kideek taberna Atxorrotx Egunean. Hasierako urteetan Afrikako proiektuetara bideratu zuten dirua eta azken urteetan, berriz, irabazitakoa Caritasera bideratu dute. Boluntario moduan urteak aritu ostean erreleboa eskatu dute gobernuz kanpoko erakundeko kideek, eta, horrenbestez, deialdia egin zuen Eskoriatzako Udalak. "Deialdia egin genuen Eskoriatzako elkarteen artean, eta animatu direnak San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako bizilagunen elkartekoak izan dira. Hori horrela, Atxorrotx Egunean tabernan jasotzen duten dirua elkartera bideratuko dute, ekintzak antolatzeko", adierazi dute Eskoriatzako Udaletik.

Ingurua garbituta

Domekan Atxorrotxera igotzen direnek Uxarretik bueltan egiten badute, gainera, ingurua garbi-garbi ikusiko dute. Hala, Gurutze Santuko ermita ohi baino urrunagotik ikusteko aukera izango dute, eta hara iristean indusketetan egindakoak atzeman ahal izango dituzte eskoriatzarrek.

Gotorleku estrategikoa

Gurutze Santuaren XVI. mendeko ermita dagoen tokian gaztelu bat egon zen bere garaian, Gasteiztik kostaldera zihoan bidea babestu eta zaintzeko. Aitz-Zorrotz edo Atxorrotx (haitz zorrotza, zorrotza) izena zuen, haraneko ia edozein tokitatik ikus daitekeen haitz horren gainean baitago. Kokapen pribilegiatu hori Gaztelak konkistatu zuen, Antso VI.a Jakituna errege nafarrak 1184an beste lurralde nafar batzuekin batera berreskuratu zuen arte. Nafarroako gotorlekurik estrategikoenetako bat izan zen, 1200ean mendebaldeko lurrak erori ziren arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak