Joserra Zubizarreta: "Gure estiloa herri inklusiboa eta parte-hartzailea lantzea da"

Hasier Larrea 2023ko mai. 5a, 07:00

Eskoriatzako EAJren alkategaia izango da Joserra Zubizarreta Alegria (Eskoriatza, 1955). 2015etik da Eskoriatzako alkate; aurretik Arizmendi eta Almen Ikastoletako irakasle izan zen. Hirugarren aldiz jarraian aurkeztuko da, beraz, herriko alkate izateko.

Nolakoa da Joserra Zubizarreta, pertsonalki eta ideologikoki?

Eskoritzar peto-petoa, entzuten dakiena, eta pixka bat lotsatia. Etxekoekin eta lagunartean oso gustura egoten dena. Eta abertzalea; zer, bestela? txikitatik mamitu izan dut abertzaletasuna. Baina oso garbi daukat abertzaletasunak inklusiboa izan behar duela. Herria egiteko denon iritzia hartu behar dela kontuan, ez bakarrik norberaren ideiak.

Zer egiten duzu udaleko jardunetik kanpo?

Familian eta lagunekin egon, mendira joan, irakurri, argazkiak atera, bizitza antolatu...

Eskoriatzako txokorik gustukoena zuretzat?

Atxorrotx; Bidebarrietatik paseatzea ere gustatzen zait. Daukagun ingurunea da onena. Bestalde, merezi du kaleak eta elizateak ezagutzea, haien historiaz jabetzeko: Atxorrotxeko gaztelua, Axtrokiko ontziak, Jose Aranaren nondik norakoak, Eduardo Gorosarriren musika ibilbidea, eta abar.

Herritik gutxien gustatzen zaizuna?

Zer-nolako azkar deskalifikatzen den pertsona. Edozer gauzak ez du balio, errespetua eta elkarkidetza moduko balio komunitarioak galtzen eta berekoikeria nagusitzen ari da. Guztion arteko gizarte bat egiteko gero eta zailtasun handiagoak ditugu; herritarrok esfortzu bat egin beharko genuke balio eta portaera egokiak berreskuratzeko.

Eskoriatzan ba al dago une honetan gairen bat ahoz aho dabilena?

Kexa handiena sortzen duen gaia egoera ekonomikoa dela esango nuke, inflazioa, maileguen interesa... Horregatik, guk esfortzu berezi bat egin dugu gehien behar dutenei laguntzeko, hainbat kanpaina martxan jarrita: erosketa-bonuak edo energia-bonuak, esate baterako. Baina baita ikusten ez diren laguntzak ere, gizarte zerbitzuen eskutik. EAJ udal gobernuan dagoenetik inoiz baino diru gehiago bideratu da egoera txarrean daudenei laguntzeko.

"ELKARLANA GAUZATZEKO IDEOLOGIAK ALDE BATERA UTZI BEHAR DIRA, ETA PROIEKTUAK ADOSTU"

Zortzi urtean izan zara alkate, eta orain berriz aurkeztu zara. Zerk bultzatu zaitu? Nortzuk animatu zaituzte? Etxean zer esan dizute berriz ere alkategai izango zarela adierazi eta gero?

Etxean lagundu egin naute, nahiz eta lehen aipatu ditudan batzuek erabiltzen dituzten deskalifikazioak gustuko ez izan. Eurekin igarotzen ez dudan denbora ere faltan botatzen dute. Kontuan izan herri txiki bateko alkatea izateak esfortzu eta dedikazio handia eskatzen duela, 365 egun eta 24 ordukoa. Hori horrela, herri honekin daukadan konpromiso eta maitasunak bultzatu naute berriz aurkeztera. Martxan dauzkagun proiektuak eta buruan dauzkagunak garatzeko ilusioak ere lagundu dit. Gainera, nire aldamenean orain udalean dagoen talde osoa egongo da, baita jende berria ere.

Zerrenda osatzerakoan, ze irizpide jarraitu duzue?

Alde batetik, urte hauetan jasotako esperientzia mantentzea, eta, bestetik, jende berria batzea. Orain arte zinegotzi lanetan aritu direnei nire esker beroena adierazi gura diet; benetan oso harro nago egin duten lanarekin eta berriz taldea osatzeko adierazi duten prestutasunarekin. Berriei, berriz, aurrena eskerrak eman nahi dizkiet erakutsi duten jarrera eta konpromisoagatik, eta eman dizkiguten aholkuengatik. Guztion artean talde sendo bat osatu dugulakoan nago; herriko sentsibilitate desberdinak daude bertan jasota.

"NIRE ALDAMENEAN ORAIN UDALEAN DAGOEN TALDE OSOA EGONGO DA, BAITA JENDE BERRIA ERE"

Zortzi urte hauetan egindakotik, zer azpimarratuko zenuke?

Egindakoetatik, udal antolaketa berri bat martxan jarri eta Herritarren Arreta Zerbitzua ireki dugu. Herriko sarrera itxuraldatzea lortu dugu. Irisgarritasunari begira, esate baterako, hilerrian arrapala egin genuen, baita Intxaurtxuetan ere. Dorletan, Santa Anan, Arbiñosten… falta ziren espaloiak osatu ditugu. Herriko haur parkeak –Partxisekoa, Dorletakoa eta Kuatruenakoa– eta aisialdiko ibilbideak –Kuatruenako bidegorria, Bidebarrietakoa edo Gatz Bidea– egin eta hobetu ditugu. Berdin kiroldegiko gimnasio berriarekin eta eskola publikoan egindako hobekuntzekin. Bestalde, bi kontu azpimarratu nahi nituzke. Bata, goi-mailako administrazioekin izandako harremanak, zeren eta horiei esker hainbat hobekuntza martxan jartzeko gai izan gara: Torrebaso eta Kuatruenako semaforoak, landa guneetako eta Elizateetako hobekuntzak –bideak konpondu, argiteria publikoa jarri–. Hori dena Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzei esker izan da posible. Ildo beretik, gogora ekarri nahi nuke Udalean, Aldundian eta Jaurlaritzan EAJko agintariak egoteak asko errazten duela bidea. Azkenik, herritarrekin izandako harremanak aipatu nahi nituzke; zortzi urte hauetan udal ordezkariok kalean egon gara sarritan, jendearekin hitz egiten, edo haiek guregana hurbildu dira, hainbat proposamen, ideia eta kritika plazaratuz. Eta hori oso aberasgarria izan da, proiektu asko herritarrek eskatu dizkigutelako. Hor dago, esate baterako, Eskola Publikoak bere jaialdia egin zuenean emandako laguntza, edo Errekan Gora ekimenari emandakoa. Auzotarrek antolatzen duten herri jaietarako diru laguntzak ere ezarri ditugu… Guk herriko elkarte guztiekin mantendu ditugu harremanak. Hor ikusten da gure estiloa zein den: herri inklusiboa eta parte-hartzailea landu dugula uste dugu, guztien iritziak kontuan hartzen dituena.

Udal zerbitzu denak udaletxean batu zenituzten, H@zi proiektuaren barruan. Ze emaitza izan du horrek?

Herritarrei zerbitzu hobeago bat eman ahal izateko jarri genuen martxan H@zi zerbitzua. Udalaren erantzuna asko hobetu du, emaitzak begi bistakoak dira, ordutegia zabalagoa, zerbitzu azkarragoa, on line egiteko aukera indartzea... Gure balorazio baikorra da, beraz.

Eskoriatzako EAJk ze alorretan eragin gura du datozen lau urteotan?

Lehenik, pertsonak, eta bereziki nagusiak, gobernu eta kudeaketaren erdigunean egoteko proposamenak egingo ditugu. Bigarrenik, herriko baliabideak hobetzen eta garatzen jarraitu nahi dugu. Gure asmoa Musika Etxea Kultur Etxera eramatea da; bagabiltza lehenengo planoak marrazten eta Eusko Jaurlaritzarekin zein Musikako Eskolako arduradunekin hitz egiten. Proiektu horrek Kultur Etxeko eraikuntza berritzea ekarriko luke. Badaude proiektu batzuk dagoeneko martxan daudenak eta datorren agintaldian gauzatzekoak direnak: Skate parka –lizitazioa maiatzean ateratzea aurreikusten dugu–, kiroldegiko muskulazio gimnasioa –esleipena martxan dago–, eta San Pedro auzoko eta Aranburuzabala kaleko irisgarritasun hobekuntzak.

Kultura Etxeko Jubilatuen taberna itxita, batzeko tokia eskatzen dute erabiltzaileek. Baduzue proposamenik? Ze eskakizun egin dizuete?

Jubilatuen taberna itxita egoteak ezinegon puntu bat sortu du batzuengan; ulertzekoa da eta gu gara damutzen lehenak. Hori esanda, argitu beharra daukat, taberna zerbitzua ezik gainontzeko erabilera guztiak martxan daudela. Bide batez, argitu nahi dut gaia Olazar jubilatuen elkartearekin hasieratik aztertzen aritu garela eta laster irtenbide bat emango zaiola. Beste behin, harreman zuzena eta kudeaketa dira irtenbide moduan planteatzen ditugunak.

"ELIZATEETAKO AUZO-ALKATE ETA ERAGILEEKIN ORAIN ARTEKO ELKARLAN SISTEMA BERDINA MANTENDU GURA DUGU"

Geotermia proiektua ere martxan duzue...

Hori oso garrantzitsua da, jasangarritasun eta diru aurrezpenaren aldetik ekarriko duenagatik. Geotermia sistema berriak, gainera, Luis Ezeiza eskolako berogailu sarea berrizteko aukera ere emango du. Proiektu honekin lotuta, kiroldegiko teilatuan eguzki-panel gehiago jartzea aurreikusten dugu. Eta lan horiek egiterakoan sabaia ere konponduko da,  itoginak behin betiko kentzeko. Azkenik, kanpoko igerilekuaren egitasmoa berreskuratu nahi dugu, pandemiagatik atzean geratu baitzen.

Eskoriatzako Elizateen Elkarteak 40 urte ostean ez du hautagaitzarik aurkeztuko. Nola eragingo du horrek Udalean?

Auzo-alkate eta eragile guztiekin orain arteko elkarlan sistema berdina mantendu nahi dugu, haiek dakitelako, guk baino hobeto, zeintzuk diren euren elizateetako beharrak. Eta proiektu asko hor daude: taxi-zerbitzuaren froga pilotuan, adibidez, emaitza interesgarriak atera ziren. Argiteria publikoari dagokionez, hedapen handia egin da zortzi urte hauetan, baina oraindik bukatu barik dago. ur-sare publikoa jartzeko proiektuarekin aurrera egin gura dugu. Laster bukatuko dugu aurre-proiektua, eta ondoren etorriko dira proiektua eta lizitazioa. Kontuan izan proiektu hau Gipuzkoako Ur Kontsortzioak egingo duela.

Azken agintaldi honetan izan al duzue oposizioarekin elkarlanik? Datorren agintaldian, irteten den emaitza irteten dela, gainerako alderdiekin lan egiteko prest al zaudete?

Gu beti egon gara elkar lana egiteko prest, gure herriaren onurarako. Baina, horretarako, ideologiak alde batera utzi behar dira, eta proiektuak adostu. Hori da aurreko bi agintaldietan egin duguna Elizatekoekin, esate baterako. Lehenengo agintaldian haren botoa behar izan genuen gehiengoa bermatzeko, baina bigarrenean ez, eta, hala ere, gobernu akordioak sinatu genituen eurekin, ulertzen genuelako proiektu baikorrak norberaren ideologiaren aurretik daudela. Gainontzeko alderdiekin, berriz, beraiek nahi izan duten eran moldatu gara. Orokorrean, proposamen gutxi, mozio asko eta oso ideologizatutakoak. Beraz, gauza handirik ez.

50 urte bete dira urrezko axtrokiak topatu zirenetik. Ekitaldia egin zenuten Ibarraundin. Museoaren etorkizuna bermatuta al dago?

Axtroki ontziei dagokienez, eskertu beharra daukat Aranzadi elkartearen jarrera, beraiei esker antolatu genuen ekitaldia eta ondorengo erakusketa. Esan, Axtrokiko ontzien inguruan laster Aranzadik egindako liburua ere plazaratuko duela. Ibarraundi museoari buruz, aurrena orainaz hitz egin beharko da. Aztertu beharko da herritarrek zer-nolako eskaerak egiten dizkioten museoari; horrekin hasi beharko da etorkizuna diseinatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak