Edorta Zubizarreta: "Ideia berriekin datorren lan taldea gara herria berpizteko"

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mai. 16a, 07:00
Edorta Zubizarreta Eskoriatzako EH Bilduko alkategaia herrigunean.

Edorta Zubizarreta Alegria (Eskoriatza, 1962) da Eskoriatzako EH Bilduren alkategaia. 60 urteko eskoriatzarra aseguru-agentea eta administraria da, eta Eskoriatzako alkatea izan zen, 1999tik 2003ra arteko agintaldian. "Zintzotasunez, konpromisoz eta erantzukizun sozialaz lan egingo dugu", Udalean jarduteko, eta horretarako "talde oso anitza osatu dugu, esperientzia eta gaztetasuna uztartzen dituen taldea da".

Aurkeztu zaitez. Nor da Edorta Zubizarreta? Eta nolakoa?

Eskoriatzan bizi dan eskoriatzar bat naiz. Entzuten dakien pertsona bat naizela esango nuke, eta edozeini laguntzeko prest dagoena. Administrari ikasketak ditut eginda, eta aseguruen agente bezala egiten dut lan.

Ideologikoki nola definitzen duzu zure burua?

Ezkertiarra eta independentista naiz. Hala ere, ideologietatik haratago, Eskoriatzako udaletxean egongo garen taldeen arteko elkarlana sustatzea nahi dugu eskoriatzarren onurarako.

"Eskoriatzako udaletxean egongo garen taldeen arteko elkarlana sustatzea nahi dugu eskoitzarren onurarako"

Egunerokoan, nolakoa da zure bizimodua?

Batez ere nire lanaren inguruan aritzen naiz, beti ere familian egoteko tarte bat hartuz.

Herriko txokorik gustukoena zein duzu?

Eskoriatzako edozein txokotan gustura egoten naiz.

Zer duzu gustuko egitea zure denbora librean?

Oso gustuko dut nire alabarekin kontzejupen pilotan jolastea, baita lagunekin elkartzea ere.

Zergatik aurkezten zara udal-hauteskundeetara? Nork animatu zaitu?

Eskoriatzak aldaketa baten beharra duela ikusten dut eta batez ere horrek bultzatu nau Eskoriatzako EH Bildu alderdiko zerrendako lehenengo kide bezala aurkeztera. Horrekin batera, EH Bilduko lantaldeko kideek, lagunek eta etxekoek animatu naute.

Etxean nola hartu dute erabakia?

Etxekoek ilusio handiarekin hartu dute EH Bildutik alkategai gisa aurkeztearen nire erabakia, baina, aldi berean arduraz, alkatetzara aurkezteak dakarren guztiagatik.

Ezagutzen duzu udal-jarduna Eskoriatzako alkate ere izan zinelako 1999tik 2003ra arteko agintaldian. Abantaila izan daiteke ezagutza izatea?

Bai, badakidalako udal baten funtzionamendua nolakoa den eta horrek lagunduko didala uste dut.

Nolakoa da aurkeztu duzuen taldea?

Oso anitza, esperientzia eta gaztetasuna uztartzen dituen taldea da. Lan egiteko gogoa duen taldea osatzea ezinbestekoa iruditu zaigu.

"Lan egiteko gogoa duen taldea osatzea ezinbestekoa iruditu zaigu"

Zein behar ditu gaur egun Eskoriatzak? Zein da herriko premia nagusia? Zer aldatuko zenuke?

Herri izaera eta kale bizitza berreskuratu behar dira. Horretarako beharrezkoa izango da herritar eta elkarte guztien arteko elkarlana. Eskoriatzan potentzialitate handia daukagu zentzu honetan, eta Udalak erraztasunak eta laguntza eman behar ditu. Gainera, herritarrak herrian bizi, erosi eta kontsumitzeko bertako merkataritza bultzatzea era ezinbestekoa izango da. Konfiantzatik elkarbizitza sustatuz eta gauzak egiteko eta aurrera eramateko beste modu bat sortu nahi dugu udal jardunean; guztion iritziak eta ekarpenak kontuan hartuz.

Eskoriatzan ba al dago une honetan gairen bat ahoz aho ari dena?

Herriko jubilatuen etxearen egoerari irtenbide bat ematea eta kiroldegiaren instalazioen hobekuntzarako plan baten beharra. Horiek dira herrian bolo-bolo dauden gaiak.

"Herriko jubilatuen etxearen egoerari irtenbide bat ematea eta kiroldegiaren instalazioen hobekuntzarako plan baten beharra dago"

EAJ aurkeztuko da, Elkarrekin, PSE, eta EH Bildu. Elizateak oraingoan ez dira aurkeztuko. Nola eragingo du horrek?

Emaitzetan bere eragina izango duela uste dut. Hala ere, udaletxeko organigrama barruan batzorde bereziren bat sortu beharko da auzoetako eta elizateetako beharrak eta arazoak tratatuko dituena.

Zeintzuk izango dira Eskoriatzako EH Bilduk hauteskunde-programan ezarri nahi dituen hiru proiektu nagusiak?

Batetik, lehen aipatu bezala, udal jabetzako zenbait lokal eta instalazio (Jubilatuen etxea, Manuel Muñoz kiroldegia…) egokituko ditugu. Gainera herriko eragile batzuk espazio beharra daukate eta horri erantzutea ere garrantzitsua izango da.

Bestetik, errealitate desberdina kontuan hartuko dituen etxebizitza plana martxan jartzea pentsatzen dugu. Horren bitartez, gazteen emantzipazioan laguntzea lortuko genuke, adibidez.

Eta, azkenik, energiaren prezio igoerei eta larrialdi klimatikoari erantzuteko pausoak eman beharrean gaude: etxebizitzen isolamendua hobetu behar da, eta herritarrentzat Udal plaka fotovoltaikoak jartzea baloratuko dugu. Honen barruan, suteetatik babesteko, herrigunearen inguruko basoak zaintzeko proiektua daukagu.

Urteak daramatzazu Kontzejupe esku pilota txapelketa antolatzen eta parte hartzen? Bilakaera bat egon da txapelketa horretan, baina mantendu beharreko ekintza dela esango zenuke?

Bai noski, gazte asko erakartzen dituen txapelketa bat da kontzejupe esku pilota txapelketa, eta, harrera aparta izaten du. Belaunaldien arteko transmisio bat erakusten du.

Zer esango zenioke botoa ematera joango den eta zalantza duen herritar horri?

Eskoriatzar guztion alkatea izango naizela eta ideia berriekin datorren lan taldea garela herria berpizteko.

Alkate izendatzen bazaituzte, egingo duzun lehen gauza zein izango da?

Lehenengo eta behin alkatearen soldata jaitsiko nuke eta gero udaletxeko leihoak zabaldu haize berriak sartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak