Marin, Zarimutz, Mazmela, Apotzaga, Bolibar eta Mendiola, Gellaorekin zazpi adar eta bakarra arbola; lor ditzagun Foruak, eman zuen botuak, herria berrituz hola, Eskoriatza elkartutzeaz ahaztu gaberik inola. (Doinua: Iparragirren bozian). Eskoriatzako zazpi elizateetako ordezkarien talde argazki batekin elizateak ere herrigunearen parte direla adieraziz eta bertso horrekin egin zituen lehen urratsak Eskoriatzako Elizateen Elkarteak (EEE). Lehenengoz, 1983an aurkeztu zuen hautagaitza Eskoriatzako udal hauteskundeetara, hamabi laguneko zerrendarekin, eta, sorrera urtean bezala, 40 urtean landa inguruko jardueretan gehiago eragiteko asmoz aritu da taldea; orain arte. Hala ere, aurtengo udal hauteskundeetarako lantaldea osatzeko arazoak tarteko, ez da aurkeztuko maiatzaren 28ko hauteskundeetara.
Udal hauteskundeetara aurkeztearen arrazoi nagusia elizateak Udalean ordezkaritza izatea izan da urte hauetan guztietan, baina ez indar politiko gisa, baizik eta baserriek azpiegitura eta zerbitzuei dagokienez izan ohi dituzten beharrak asetzeko. Elizateen elkartea ez da alderdi politiko bat, hauteskunde-elkarte bat baizik. Taldeko ordezkariak ez dira Udalera joaten politika egitera, elizateek dituzten behar batzuk asetzera baizik. Bizimodua hobetzeko, baliabide gehiagoz hornitzeko eta baserri eta nekazari giroko beharren alde lan egiteko aurkezten dira. Hori da eta izan da taldearen helburu nagusia, eta, hortik aurrera, elizateek lankidetza ere eskaintzen diote Udala gobernatu duenari, korporazioan egonkortasuna ahalbidetuz. Hala izan da, behintzat, orain arte.
Elizateen beharrak Udalera
XIV. mendearen erdialdean, Leintz bailara elizatez osaturik zegoen. Elizate haiek independenteak ziren elkarren artean eta bakoitzak bere kontzejua, alkatea, lur komunalak eta abar zituen. Antolaketa berezi haren arrastoak gaurdaino iritsi dira, eta horren adibide dira auzotarrek euren elizatearekiko erakusten duten atxikimendua eta herriaren gaur egungo antolaketa: Eskoriatzak zazpi elizate ditu –Apotzaga, Bolibar, Gellao, Marin, Mazmela, Mendiola eta Zarimutz– eta horietako bakoitzak bere auzo-alkatea dauka, eta, haiez gain, Bolibarko Lete auzoa ere kontuan hartzen da, elizate multzoari beste bat gaineratuz. Elizate bakoitzak bere auzo-alkatea du, eta bilerak egiten dituzte sarri, euren elizateek dituzten beharrak mahai-gaineratzeko, eta horiek Udalari aurkezteko ardura du Eskoriatzako Elizateen Elkarteko bozeramaileak. 40 urtean beti izan du ordezkaritza Eskoriatzako Elizateen Elkarteak Udalean; bi agintalditan, gainera, bi lagun ere izan dira udalbatza osatzen.
Lehenengo taldearen hautagaitza
Aurkeztu, eta bi zinegotzi
Eskoriatzako Elizateen Elkartea udal hauteskundeetara aurkeztu zen lehenengo aldian (1983) bi zinegotzi lortu zituen, eta 2011n ere berdina gertatu zen. Lehenengo agintaldian, Apotzagako Jesus San Vicente eta Bolibarko David Zabala izan ziren udalbatzako parte. Garai haiek gogoan ditu Jesus San Vicentek: "Elkartea nola sortu zen azaltzea ez da erraza. Taldea eratu aurretik elizateetako bizilagun ugari lanean ari ziren, genituen beharrak Udalari transmititu nahian. Niri zinegotzi gisa joateko planteatu, eta bi ordezkari atera genituen. Garai hartan, Julian Urtzelai (EA) izan zen alkatea, eta, elizateen beharra ere zutenez, ondo konpondu ginen. Hala, lehen urteetan gauza asko egiteko aukera izan genuen. Baserrietarako bideak konpondu ziren, urak ere zenbait lekutara eraman genituen… Hala ere, politikan gauza nahasiak zeuden, eta traba bakarra, agian, hori izan zen. Ordutik hona, izan da bilakaera bat, eta Udalean egotea oso garrantzitsua izan da; bere pisua du udalbatzako kide izateak, eta bertan dagoena gertatzen denaren jakitun da. Gauzak lortzeko ezinbestekoa. Oraingoan ez gara udal hauteskundeetara aurkeztuko, eta, gu ez egon arren, aintzat hartu beharko gaituzte udalbatza osatzen dutenek. Gu ere herriaren parte gara, arazoak ere baditugu, eta badago zer egina…".
Beharrak aldatu diren ustea
1987an, hau da, EEE hauteskunde lokaletan aurkeztu zen bigarren aldian, ordezkari bakarra lortu zuten landaguneetako bizilagunek. Kasu hartan, Mendiolako Iñaki Madinabeitia izan zen zinegotzia –1987tik 1991ra zinegotzi izan zen; 2011- 2015eko agintaldian ere hura izan zen EEEko ordezkaria, baina agintaldia amaitu aurretik utzi zuen kargua–. Gogoan du hasierako helburuak zeintzuk ziren, baina urteen poderioz beharrak aldatu egin direla uste du: "Behar handiak zeuden garai hartan. Urbanismoko proiektu ugari izan ziren Apotzaga eta Mendiolan, etxeak egiteko, eta atzera bota zenez, Eskoriatzako Elizateen Elkartea sortu genuen, beste hainbat behar ere bagenituela kontuan izanda. 40 urte hauetan, hormigoiarekin lan asko egin da, bideak utzita zeudelako; aipatzekoa da autobideak eta trenbideak ekarri dituzten arazoei aurre egiteko gestio-lan asko egin direla EEEtik… Etorkizuna, berriz, ezjakina da; kultura aldatu da, baita balioak ere. Momentu batean, landa ingurua eta baserritik bizitzea errealitate bat zen, eta ia desagertu egin da. Lehen, baserri guztiak konektatuta geunden baserri-bideekin, elizak ere batzen gintuen, domekero… Urte hauetan, egon dira saiakera batzuk elkarteak sortuz elizateen nortasuna mantentzeko, eta oso garrantzitsuak dira, baina uste dut nortasun hori galduta dagoela. Horrekin batera, errealitate guztiei aurre egiteko konpromisoa ere falta da; nork bere arazoak konpondu nahi ditu soilik. Tendentzia hori ez da elizateetan bakarrik gertatzen, gizarte osoan ere berdina gertatzen ari da", dio Madinabeitiak.
Auzo-alkateen babespean
San Vicente eta Madinabeitia EEEko zinegotzi izateaz batera, 40 urte hauetan zenbait zinegotzi izan dituzte Udalean. Esaterako, 2004-2007ko agintaldian, Javier Villar izan zen zinegotzia; 2007tik 2011ra artean, Apotzagako Leire Okarantza, baina, agintaldia amaitu aurretik, Unai Salaberriak ordezkatu zuen. Iker Aquizu eta Rosi Arcarazo ere izan ziren ondoren, Iñaki Kerexeta… "Haiek Udalean egotearen arrazoia izan da elizateetako bizilagunen babesa izan dutela, auzo-alkateen laguntza…", dio Leire San Vicentek, gaur egungo EEEko bozeramaileak.
Uzta berriaren ametsarekin
Eskoriatzako Elizateen Elkartea berpizteko eta misio eta bisio berria birdefinitzeko aukera irekita egonda, Eskoriatzako Udalean elizateen ordezkaritza ez izateak asko eragin dezakeela uste du Leire San Vicentek, gaur egungo EEEko bozeramaileak: "Pena handiz, alde batetik, baina harrotasunez ere itxi dugu 40 urteko etapa. Lan ugari egin da, eta interes kultural, ekonomiko eta natural handidunak ditugu, babestu beharrekoak. Hala, Udalak elizateetako bizilagunekin lankidetzan jarraituko beharko lukeela uste dugu".