Juan Luis Merino izango da Elkarrekin koalizioko alkategaia, Eskoriatzan

Imanol Beloki Unamuno 2023ko api. 18a, 12:46

Juan Luis Merino izango da Elkarrekin Podemos koaliziko alkategaia, Eskoriatzan.

Juan Luis Merino Sanabria (Eskoriatza, 1964) izango da Eskoriatzako alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetan, Elkarrekin koaliziotik –Ezker Anitza-IU, Podemos eta Aliantza Berdea eta Equo Berdeak–. Era berean, Deba-Urola barrutiko zerrendaburua izango da Elkarrekin Gipuzkoaren izenean Batzar Nagusietarako.

Eskoriatzarrak ibilbide luzea du politikagintzan. 1990. urtetik dago afiliatuta Espainiako Partidu Komunistara eta baita Ezker Batura ere, eta udal jarduna ere ezagutzen du, zinegotzi izandakoa baita Eskoriatzan eta Arrasaten.

Eskoriatzarako proposamenak

Eskoriatzako alkategai bezala, Juan Luis Merinok tasen eta zergen fiskalitatea familien diru-sarrerekin bat etortzearen alde egiten du. Horrekin batera, beste proposamenetako bat liberatuen soldatak murriztea izango dela adierazi du, "alkatetzakoak zehazki, egungo alkatearen soldata udal-kutxetan egindako lapurreta bat dela uste baitugu". Gaineratu duenez, adinekoentzako arreta ere lehentasunetako bat izango da. "Gure adinekoek kalitatezko zerbitzuak dituen jubilatuen etxe bat merezi dute, non sozializatu ahal izango dugun eta hurrengo azpikontratazioaren kontura egon ez, zentroa berriro ireki dadin.

Zerbitzu publikoen defentsan

Ezker Anitza-IU, Podemos Ahal Dugu, Equo Berdeak eta Aliantza Berdeak alderdiek osatzen duten Elkarrekin Gipuzkoa koalizioaren zerrendaburua da, gainera, Merino Deba-Urolako barrutian, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak adierazi duenez, zerbitzu publikoen defentsaren eta langile klasearentzat baliagarria izango den Gipuzkoa eraikitzearen alde egin du. "Gipuzkoarren benetako beharrak foru kudeaketaren erdigunean jartzea da gure asmoa, lurralde justuagoa eta sozialagoa lortzeko, inor atzean gera ez dadin", adierazi du. Ildo horretan, Merinok nabarmendu du "gure helburu nagusietako bat langileekiko fiskalitate bidezkoagoa izatea izango da, eta, beraz, lanean jarraituko dugu foru erakundeak erreforma fiskal progresibo bati ekin diezaion behingoz, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak