Juan Luis Merino: "Gure helburua herritarren bizi-kalitatea hobetzea da"

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko api. 29a, 07:00

Juan Luis Merino, Eskoriatzako Elkarrekin koalizioko alkategaia, Santa Ana eta Santa Marina arteko bidean. Argazkia: Mikel Zumalde

Juan Luis Merino Sanabria (Eskoriatza, 1964) Elkarrekin Eskoriatza koalizioko alkategaia da. Berrogeita hemeretzi urte ditu eta gaur egun Ezker Anitzako komunikazio idazkaria da. Horrez gain, Deba-Urola barrutiko zerrendaburua izango da Elkarrekin Gipuzkoaren izenean Batzar Nagusietarako. Herritarren bizitzak hobetzeko lan egingo duela dio.

Elkarrekin Eskoriatza koalizioko alkategaia zara; Zer nola eta?

Aurrerapauso bat eman behar genuelako aurkeztu naiz, zinegotzi izan nintzen 12 urtez jarraian Eskoriatzako Udalean eta beste lau urtez Arrasateko Udalean. Antolakuntzatik ere ikusten ari gara gazteak ez direla aurrerapausoak ematen ari; Denok bizitza ain okupatuak izateak asko baldintzatzen du hauteskunde batzuetarako hautagaiak aurkeztea ala ez. Egoera honetan, nik eman behar izan dut urratsa, eta ilusioz eta pozik egin dut.

Zergatik eman zenuen baietza?

Indar munizipala gara, Euskadi mailan funtzionatzen duena eta ez da kasualitatea hauteskundeetara aurkeztea. Gure helburua herritarren bizi-kalitatea hobetzea da, haien bizitzak erosoagoak eta zoriontsuagoak izateko. Nik, oraintxe bertan, koalizio bat ordezkatzen dut, alkatetzarako hautagaitzat hautatu nauena.

Ze ideietan sinisten du Juan Luis Merinok?

Ezkerreko oinarrizko printzipioetan; justizia sozialean, feminismoan, iraunkortasunean, ingurumenean, errepublikanismoan, gizaki guztiok baldintza bera dugunean...Aberastasuna birbanatu egin behar dugu, eta langile-klasea ezin da kapitalaren menpe egon.

Ideologikoki, nola definituko zenuke zure burua?

Ni Alderdi Komunistako eta Ezker Anitzako militantea naiz. Egia da ezkerrean gaudela, eta guk ezker eraldatzailea ordezkatzen dugu, aurreko galderan aipatu dizkizudan printzipioetan oinarritua.

Eta oro har, nolakoa da egunerokotasunean Merino?

Funtzionatzeko modu normala dut, beste edozein langilek bezala. Aretxabaletako Copreci kooperatibatik eszedentzian nago. Egoera horretan nago Ezker Anitzako komunikazio-idazkaria naizelako Euskadin, eta Antolaketako idazkaria Gipuzkoan. Orain liberatuta nago alderditik, eta gehien bat komunikazio-idazkari moduan egiten dut lan. Gainontzekoa militantzia hutsa da. Egunerokotasunari dagokionean, arrunta da; jaiki, lanera noa, gaizki bazkaltzen dut, bilera batetik bestera... eta horrelakoa da nire bizitza. Etxera iritsi eta ia ez dut lorik egiten.

Bizitza okupatua, orduan.

Bai. Nire bizitza ez da jendeak uste duen modukoa. Lantegi batean lan egiten duen batek zortzi ordu egiten ditu, eta bere etxera doa. Ni mugikorraren zai nago asteko zazpi egunetako hogeita lau orduak.

Zer da herritik gehien gustatzen zaizuna?

Eskoriatzak eskaintzen duen lasaitasuna gustatzen zait niri. Batzuetan, lasaitasun handiegiak kezka eragiten dit, herri bat lasaia izan daitekeelako baina aldi berean aktiboa, ekimen gehiagoarekin. Bizitzeko herri ona da, Aretxabaletan jaioa naiz, baina hogeita hamar urte baino gehiago daramatzat Eskoriatzan, eta ez nuke herri hau beste batengatik aldatuko.

Eskoriatzarako alkategaia izateaz gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Ezker Anitza IUren alkategaia izango zara…Merino alderdiarekin konprometituta dagoen pertsona bat da?

Bai. Deba-Urola barrutiko zerrendaburua izango naiz, eta inkestek diotenaren arabera kargu batengatik lehia estua izango dugu EAJrekin. Gu onena emateko prest gaude, badakigu inkestek huts egin dezaketela, baina kargu hori lortzeko esperantza dugu. Fiskalitatean jarriko dugu fokua, langile guztientzako fiskalitate justuan. Gehiago ordain dezala, gehiago duenak.

Eskoriatzara bueltatuz, ezkerreko bi aukera egongo dira hauteskunde hauetan herrian (EH Bildu, edo zuek). EH Bilduk EAJrekin lehia estua izango du lehen postuarengatik. Ze rol jokatu nahi du zuen koalizioak?

Eskoriatzako ezkerreko eremu politikoan EH Bildu, eta gu gaude, Elkarrekin Eskoriatza. Hauteskunde hauetan aukera asko daude EAJ eta EH Bilduren artean berdinketa egoteko. Horregatik Udalean sartu nahi dugu, badakigu indar minorista izango garela, baina balantza ezkerrerantz bideratu dezakegu. Hori bai, argi utzi nahi dut inoiz ez dugula laguntza hori oparituko. Gu Julio Anguitaren esaldi batean oinarritzen gara; programa, programa eta programa.

"Udaletxean sartzea lortzen badugu, balantza ezkerrerantz bideratzeko lan egingo dugu"

Eskoriatzako Elizateen Elkartea ez aurkezteak ere eragina izango du besteongan...

Bai, baina guri ez dugu eragingo. Bozkaren bat etor daiteke gure koaliziora, baina egia esan, Eskoriatzako Elizateak Elkartearen bozkak EAJ eta EH Bilduren artean banatuko dira.

Juan Luis Merinok hobeto egingo luke lo Edorta Zubizarreta Eskoriatzako alkate izaten bada?

Egia esan, berdin egingo dut lo. Udaletxean sartzea lortzen badugu, balantza ezkerrerantz bideratzeko lan egingo dugu. Baina ezin bada, gure herritarren bizitza hobetzeko lanean jarraituko dugu.

Eskoriatzan zentratuz; zein premia ditu herriak? 

Eskoriatzan, beste herri batzuetan bezala, gauza asko falta dira. Une honetan erretiratuen etxea itxita dago, eta ezin da itxita egon. Leku bat izan behar dugu gure adineko pertsonen arteko harremanak zaintzeko, bizitzako aro horretara denok iritsi behar garelako. Erretiratuen etxea udaletxearen menpe egon beharko litzateke, enplegu publikoa sortzeko eta horrela beti funtzionatzeko.

Beste gai bat erresidentzia erdi-pribatua da, udalak pisu handia baitu. Arazo ekonomiko asko ditu. Fundaziotik gure erresidentzia berreskuratu eta salbatu nahi dugu, biharko egunean hor egongo garelako. Hori berriro gerta ez dadin, publikoa egin behar dugu. Urtetik urtera aurrekontu batzuk sartu behar dira, adin nagusikoei erresidentzia horrek zerbitzurik onena emateko.

Eta beste gauza bat, gazteak dira. Ez dago kultura eta kirol-plan estrategikorik. Kiroldegi bat dago eta zerbitzu batzuk ditu, eta kitto. Ez dago plan estrategikorik. Ibarraundi Museoari ere buelta bat eman beharko genioke.

Azkenaldian, herria gainbeheran dago ala bizitza duen herria da?

Egia da pandemiak kalte handia egin digula harremanei dagokionean, eta bizitzeko eta kontsumitzeko ohiturak aldatu egin dira. Neguan, adibidez, arratsaldeko zortzietan kalean ez zebilen inor eta lehen, aldiz, bai. Uste dut Eskoriatza ez dela gainbeheran dagoen herri bat. Gauzak egin nahi dituen jendea bizi da, eta jende horri tresnak eman behar zaizkie.

Begi-bistakoa da herrian, azkenaldian, komertzio asko itxi direla...

Bai. Hainbat faktore daude hau eragin dutena. Ondoan komertzio eta zerbitzu gehiago daukaten bi herri ditugu, Arrasate eta Aretxabaleta. Eta beste alde batetik, Interneteko erosketak. Nire bizilagunak, egunero, du Amazon-eko pakete bat etxe aurrean. Pandemiak kontsumo-ohiturak aldatu egin ditu. Gainera, egun edozer erosi daiteke Internet bidez. Nik Eskoriatzan dagoen komertzio eta ostalaritza gutxia babestuko nuke, eta buelta bat eman. 

"Progresibitatez elikatuko den tokiko zerga-sistema bat defendatuko dugu, zergadun bakoitzaren ahalmen ekonomikoan oinarrituko dena"

Zein izango dira hauteskunde programako hiru proiektu nagusiak? Liberatuen soldatak jaisteko proposamena planteatu duzue...

Ni 16 urtez egon naiz zinegotzi bezala, eta ez dut inoiz kobratu nire ustez herritarrentzat onuragarria zen lan bat egiteagatik. 16 urte horietan lanean aritu naiz Coprecin, nire familiarentzat denbora ateratzen, eta Udaletxean lanean. Zentzu horretan, gaur egungo alkatearen soldata lotsagarria da, eta udal diru-kutxetan egindako lapurreta. 4.000 biztanleko herri bateko alkate batek ezin du 60.000 euro baino gehiago kobratu. Guk ez dugu esaten ez dela kobratu behar, soldata apalagoa izatea baizik.

Horrez gain, progresibitatez elikatuko den tokiko zerga-sistema bat defendatuko dugu, zergadun bakoitzaren ahalmen ekonomikoan oinarrituko dena. Ezin dira zerga berberak aplikatu 100.000 euro kobratzen dituen familia bati edo 20.000 euro kobratzen dituen bati. Hori injustua da. Lehen esan dudan moduan, gehiago duenak gehiago ordaindu dezala.

Eta etxebizitzaren gaia ere ukitu nahi dugu, eta ingurumena eta jasangarritasuna defendatu, batez ere.

Herri euskalduna da Eskoriatza?

Bai, nik, adinagatik, ez dut euskara ikasteko aukera izan. Frankismo garaian jaio nintzen, eta hamaika urte nituen Franco hil zenean. Ez dut ikasteko aukerarik izan, baina uste dut Eskoriatza herri euskalduna dela. Nire seme-alabek euskaraz hitz egin eta pentsatzen dute. Zentzu honetan, gutxinana-gutxinaka euskararen alde gauzak egiten ari dira, eta kalean geroz eta gehiago entzuten dela esango nuke.

Ezker Anitzako komunikazio idazkaria zara; sare sozialak erabiliko dituzu…

Alderdiko kontuak nire kontu pertsonalak baino gehiago erabiltzen ditut. Ezker Anitzako Facebook, Instagram eta Twitterreko kontu orokorrak eramaten ditut, eta Debagoieneko Ezker Anitzakoa ere eramaten dut.

Aisialdian zer egitea gustatzen zaizu? Mendizorrotzan ikusi izan zaitugu Alaves animatzen…

Urkulun jaio nintzen, eta txakurrarekin hara joaten naiz paseatzera. Oso leku polita da, oso idilikoa, eta joaten naizen bakoitzean politagoa iruditzen zait. Egi da, hala ere, kirola egitea ez zaidala asko gustatzen.

Eta gero egia da Alaveseko bazkide naizela. Sei denboraldi daramatzat jarraian bazkide bezala nire alabarekin eta talde gasteiztarrak Mendizorrotzan jokatzen duen bakoitzean, babazorroak animatzera joaten gara. Gipuzkoarra izan eta Alaves animatzera joatea kontraesankorra izan daiteke, baina tira...

San Pedro festen zale?

Egia esan, ez dut asko parte hartzen. Kalera irtetzen naiz, baina ez naiz dantza egitera joaten den horietakoa.

Danborradan ez duzu parte hartuko, orduan...

Ez, baina denborarik ez daukadalako. Gustatzen zaigu ikustea, eta San Pedroetaz gozatzea, baina danborradan ez dugu parte hartzen, ez.  

Bukatzeko, zein emaitza espero dituzu maiatzaren 28rako?

Gure helburua Udalean sartzea da. Korporazio berriaren parte izatea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak