Eneko Bidegain (idazlea eta irakaslea): "Intrigazko trama bada ere, azpigeruzak ditu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko api. 7a, 09:05

Eneko Bidegain idazle baionarra. Argazkia: Elkar.

Saiakera generoan murgilduta ibili ondoren Bichta éder (Elkar) intrigazko eleberria argitaratu du Muko Humanitate eta Hezkuntza Fakultateko irakasle Eneko Bidegainek.

Orain dela hamabost urte sortzen hasitako istorioa borobildu du Bidegainek, fikziora eta misteriozko esparrura salto eginda, Bichta éder izena duen nobelan.

400 orritik gorako eleberria da; bistan da bazenuela zer kontatu.

Aspaldi hasi nintzen istorioarekin, eta hainbeste urtetan asko handitu da, bai. Intrigazkoa izanik, hari-mutur asko behar ditu, trama ez dadin irakurlearentzako agerikoa izan. Jarraian irakurtzea gomendatzen dut; hari asko eta pertsonaia asko ditu, eta, bestela, galtzeko arriskua dago; opor garaian irakurtzeko aproposa dela uste dut.

Kazetari baten ikerketa da trama nagusia, baina askotariko gaiei buruzko gogoetak ere egiten dituzu. Zeri buruzkoak?

Bitxia bada ere, istorioaren inspirazioa prentsaurreko baten sortu zitzaidan, alkate batek proposatu zuen antzerako proiektu bat aitzakia hartuta, eta, horren bueltan, higiezinen espekulazioaz hausnartzea naturala egin zait; eta, bestetik, protagonista, ni neu moduan, kazetaria izanik, ofizioari buruz ere jardun dut beste une batzuetan.

Itxurakeria istorioaren beste ardatz garrantzitsu bat da.

Hala da; izenburua ere hortik doa: itxura ederra eman nahi izateak edo gauden eremuan komeni den itxura emateak gaur egun pisu handia duelako. Frantses grafian idaztea ere ez da kasualitatea izan, Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen zapalkuntzari keinua egiteko; izan ere, etxe, saltoki eta bestelako toki askok euskarazko izena dute, baina euskarazko idazkera errespetatu barik. Eta euskarari egiten zaion beste burla bat da hori. Pertsonaietan ere islatzen da itxurakeria; adibidez, badaude euskaltzaletasunarekin eroso sentitzen ez direnak, edo Eñaut protagonista: maskulinitate hegemoniko araberako mutila izaten saiatzen den arren, ez dago eroso....

Euskara batua da, baina lexikoa, neurri handi batean, zure jatorrizko euskalkian dago. Aukera kontzientea hori ere bai?

Euskal Herri osora begira idazten dut, baina oreka bat bilatu behar da guztiek ulertzeko moduan izan dadin; hala ere, lexiko bati uko egin gabe eta lexiko hori zabaltzeko gogoz. Akaso, puristei ez zaie egokia irudituko, eta batuegia beste batzuei.

Nolako irakurlea irudikatu duzu?

Idazterakoan ez dut irakurle zehatz bat izan buruan; errango nuke publiko zabal batentzat dela. Akaso, orri kopuruak atzera egitera bultza dezake, baina erraz irakurtzeko ahalegina egin dut, eta hala dela esan didate dagoeneko liburua irakurri dutenek ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak