Liztor asiarren aurkako 80 tranpa jarri dituzte Eskoriatzan

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mar. 28a, 15:14

Ibarraundi museoko eraikinaren alboan jarritako tranpa bat.

Eskoriatzako Udalak erlezainekin elkarlanean liztor asiarraren aurkako kanpaina abiarazi du. Guztira, 80 tranpa jarri dituzte, eta, apirilaren 30ean aterako dituzte ondorioak. Harrapatutako liztorrak zenbatuko dituzte, eta tranpak eraginkorrak izan diren ala ez jakin. Fermin Lezetak, Eskoriatzako basozainak adierazi duenez Gatzagan 15 tranpa, Aretxabaletan 80 eta Aramaion beste 80 jarri dituzte.

Liztor beltza ekosistemaren orekarako mehatxua da, erle arruntaren populazioarengan eragiten ari delako. "Hilabete honen baitan sortzen dira liztor asiar erreginak, eta, horiek harrapatzeko jarri dugu martxan egitasmo hau. Ez dakigu eraginkorra izango den, baina, ezer egin gabe ezin gara geratu", adierazi du Fermin Lezetak, Eskoriatzako basozainak.

Liztor asiarrak erlauntza sarreratan egoten dira zain; kanpotik nektarrez beteta datozen erleak harrapatzen dituzte, eta barruan daudenei beldurra eragiten diete eta ez dira irtetera ausartzen, eta azkenean hil egiten dira. Erlezainek egindako kalkuluen arabera, udan zeuzkaten erleen %50 inguru desagertzen zaie udazkenerako. Hortaz, erlezainak oso kezkatuta daude bertako erleak erasotzen dituen espezie honen ugaritzearekin eta neurriak hartzeko antolatu egin dira. Hala, Eskoriatzako Udalarekin elkarlanean, udalerrian 80 tranpa jarri dituzte eta jarraipena egingo diete. "Zenbait erlezainekin batu eta martxan jartzea erabaki dugu; herriko eremu ezberdinetan banatu eta tranpak jarri ditugu, batez ere, erreka zuloetan".

Erreginak harrapatzeko tranpak

Tranpa hauek oso selektiboak dira, bi zulo nagusi dituzte, liztor beltza baino handiagoa den bertako liztorra (Vespa Crabro) ez da sartzen eta liztor beltza baino txikiagoak diren gainontzeko intsektuak irten daitezke. Liztor beltza sartu sartzen da, baina ezin du irten. Botila barruan, likido gozoa jartzen da, liztorrak erakartzen dituena. Argazkiko tranpa, esate baterako, Ibarraundi museoaren eraikin alboan dago, eta, egun gutxitan liztor beltzaren zenbait erregina geratu dira harrapatuta. "Tranpa selektiboak propio daude eginda liztor asiarrentzat. Eraginkortasuna bilatzen dugu, eta ahalik eta gutxien eragitea gainontzeko intsektuei…".

Orain da garaia

Liztor Beltzaren erregina gazteak hibernazio lekutik ateratzen dira orain eta apirila eta maiatza bitartean hauetako bakoitza habia bat eraikitzen hasten da. Beraz, liztor beltzaren aurkako tranpak martxoaren 1etik apirilaren 30era jartzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak