M8a hizpide, Eudelek aurkeztutakoa onartuta

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mar. 2a, 13:09

Martitzenean osoko bilkuren aretoan batu ziren udalbatzako kideak.

Bilduk herriko talde feministekin batera osatutako Martxoren 8ko mozioa aurkeztu arren, Eudelek eskatuta EAJk aurkeztutako mozioa irten zen aurrera martitzenean egin zen otsaileko osoko bilkuran, baiezko zazpi botorekin eta hiru abstentziorekin.

Martitzenean egin zen otsaileko osoko bilkura, eta gai zerrendan azpimarratzeko puntuak izan ziren, batetik, 2023ko Martxoaren 8a dela-eta Eskoriatzako EH Bilduk aurkeztutako mozioa; eta, bestetik, Eudelek eskatuta Eskoriatzako EAJk aurkeztutako mozioa. Bilduk aurkeztutakoaren emaitza honako hau izan zen: abstentzioa, sei boto ezezko eta hiru baiezko; EAJk aurkeztutako mozioak, berriz, baiezko zapi boto jaso zituen eta hiru abstentzio.

Herriko eragileekin lanketa

Lehenbizi, EH Bilduren mozioa izan zuten hizpide, eta Nestor Arana EH Bilduko bozeramaileak egin zuen egunerako prestatutakoaren irakurketa. Hauxe adierazi zuen: "Krisiaren azaleratzeak batzuengan eragiten duen paralisiaren aldean, mugimendu feministaren deiarekin bat egiten dugu. Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da". Horrekin batera, zaintza mahai bat martxan jartzea; etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren eredua eta funtzionamendua egokitzea; eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitearen aldeko hautua egiten dutela azpimarratu zuen, besteak beste.

Horren harira, Josu Ezkurdia EAJko bozeramaileak ezezko botoa ematearen gainean honako hau argudiatu zuen: "Ez gaude esaten dituztenen kontra, baina Eskoriatzako EH Bilduk uste du beste eragile eta lantaldeek baino gehiago dakiela. Guk Eudelek planteatutakoa defendatuko dugu; Euskadi mailan garatutakoa da, alderdi politiko guztiak daudena, eta izugarrizko lana egiten dute halako adierazpen bateratuak ateratzeko".

Alkatearen zehaztasunak

EH Bilduk egindako mozioari zuzenduz honako hau adierazi zuen Joserra Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak: "2018ko apirilean, gaur egun ditugun etxez etxeko zerbitzuko langileekin eta euren ordezkari sindikalekin egon ginen; hain zuzen, aurretik Bilduk eginda zuen lizitazioa egokitzeko euren nahietara. Beraz, 2018an ateratakoa eurekin adostutakoa izan zen. Egoerari buruz, une honetan, zerbitzuak gorabehera asko ditu; Aldundiarekin hitzarmen bat dugu eginda, eta, egoera ekonomikoaren arabera, gehienez hamabost euro orduko ordaintzen dute erabiltzaileak, eta, nolabait, gizarte zerbitzuetako teknikarien arabera, eurekin adostutako zerbitzu bat eskaintzen da…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak