Pobrezia energetikoa izan dute hizpide

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 17a, 11:43

Oier Etxebarria eta Nestor Arana izan ziren azalpenak ematen, Ibarraundi museoan.

Jauzi Ekosozialak antolatuta, Goienerko Nestor Arana eta Oier Etxebarria adituak izan dira asteon Ibarraundi museoan pobrezia energetikoaren gainean hitzaldia egiten. Aretoa beteta, zalantzak argitzeko tartea hartu zuten bertaratutakoek.

Pobrezia Energetikoaren Europako Astea izanda, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Goiener kooperatibako adituak izan ziren martitzenean Ibarraundi museoan pobrezia energetikoaren gaineko hitzaldia egiten. Jauzi Ekosoziala lan-dinamikako kideek antolatuta, Nestor Arana eskoriatzarra eta Oier Etxebarria aretxabaletarra izan ziren bertaratuei azalpenak ematen, eta, argindarraren eta gasaren prezioa ardatz, saioaren helburua problematikaren gainean eztabaida sustatzea izan zen.

Fakturak irakurtzen ikasten

50 lagun inguru batu ziren Ibarraundi museoan egindako ordubeteko saioan. Hizlariek zenbait kontzeptu azaldu zituzten; datuak eman eta aurrera begira egin beharreko urratsak ere adierazi zituzten. Bertaratutako herritarrek, bestalde, galderak egin zituzten saioaren amaieran eta zenbait faktura kontsultatzeko ere aprobetxatu zuten hitzordua.

Energia-eredua aldatu beharra

Saioren helburua pobrezia energetikoan daudenak identifikatu eta laguntzeko herritarrak formatzea izan zen, eta datuak ere jarri zituzten mahai gainean. Bertan azaldu zutenez, urtean 43.000 euroko diru-sarrerak dituen hiru pertsonako familia bat gaur egun pobrezia energetikoaren mugan dago. Horrekin batera, gizarteak energia-eredua eraldatzeko beharra duela azpimarratu zuten; baita etxeko faktura elektrikoan fakturak interpretatzeko zailtasunak dituztela herritar askok. Eta, beraz, horretan eragin nahi izan zuten hizlariek.

Zenbait kontzeptu ezagutzeko eta barneratzeko aukera izan zuten ikus-entzuleek, eta hizlariak pozik agertu ziren eskoriatzarren erantzunarekin. "Energiaren merkatuaren inguruan oraindik ere zalantza eta zailtasunak agertzen ari diren honetan, garbi geratu da lanean jarraitu beharra dagoela eta soluzioak herritar aktiboen eskutik etorriko direla", adierazi zuen Nestor Aranak, pobrezia energetikoaren gainean berbetan aritu zen hizlarietako batek.

Zalantzak argitzeko bidea

Datorren astean Arrasaten irekiko dute Goienerren Debagoieneko bulegoa, otsailaren 22an, eta hori ere izan zuten berbagai, saioa borobiltzeko. Gasaren eta elektrizitatearen fakturen gainean herritarren zalantzak argitzeko prest daudela azpimarratu zuten. Zerkaosteta kaleko 15. zenbakian egongo da bulegoa; Kontzezino kalearen izkinan, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak