Zuhaitz landaketarako planteamendu berri bila

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 2a, 15:40
Familia bat, joan den domekan, Ibarraundi museo alboko belardian zuhaitz bat landatzen.

Ibarraundi museoak kudeatuta eta Eskoriatzako lorezainekin elkarlanean egiten den egitasmoa hasi zenetik, zuhaitz landaketa herrigunean egitea du oinarri hitzorduak. Hala ere, leku faltagatik, ekintza egiteko modua aztertu egingo dute antolatzaileek.

Eskoriatzan urtero egiten dute zuhaitz landaketa herrikoi eta sinbolikoa, jaioberriak omentzeko. Iaz 30 haur jaio ziren, eta, hori horrela, familiak Ibarraundi museora bertaratu ziren joan den domekan, urteroko zuhaitz landaketan parte hartzeko. Guztira, bederatzi zuhaitz egokitu zituzten: fruta-arbolak eta zuhaixkak; sei museoaren alboko belardian eta hiru kanposantu inguruan. Ekintza gauzatuta, Ibarraundi museoko Saioa Ibarraundi langileak adierazi du herrigunean toki gutxi dagoelako landatu zituztela bederatzi zuhaitz bakarrik. Edonola ere, urtean zehar jarraipena egingo diete udal lorezainek.

Guztira, hiru gorosti, bi astigar, bi gaukar eta bi hesilahar landatu zituzten

Planteamendua aldatu beharra

"Ekintza arrakastatsua izaten da urtero Zuhaitz Eguna; zuhaitzak landatzeko zenbait herritar elkartzea hitzordu positiboa da beti, eta aurten hamaika familia etorri dira hitzordura. Oso ondo baloratzen dugu ekintza; izan ere, hotz egiten zuen, eta hainbeste familia batu izana pozgarria da. Guztira, hiru gorosti, bi astigar, bi gaukar eta bi hesilahar landatu genituen eta bertaratu zirenak oso gustura aritu ziren. Hala ere, datorren urtera begira planteamendua aldatu egin beharko dugu. Izan ere, egitasmoa hasi genuenetik, zuhaitzak herrigunean landatzea izan da asmoa. Familiak haur-karroekin etortzen dira eta mendi aldera joango bagina ez luke halako arrakastarik izango, bestela. Hori horrela, herrigunean ez dugu tokirik landaketak egiteko; urtero aritzen gara lorezainekin tokiak bilatzen, eta datorren urterako zer egin aztertu behar dugu. Proposamen batzuk egin ditugu: jaiotako haur guztien izenean landare bat soilik landatzea herrigunean; elizateetara joan eta beste mota bateko landaketa egitea, akaso; edo bertan behera uztea egitasmoa. Oraindik goiz da zehazteko baina, aztertuko dugu zer egin", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak.

Landatutako zuhaitzak zaintzea

Bederatzi zuhaitz landatuta, Zuhaitz Egunean batutako familien ardura izango da orain horiek zaintzea. "Haiek dakite non landatu dituzten zuhaitzak eta eurei dagokie horien zaintza. Saiatzen gara landaketa ondo egiten, baina eguraldiaren arabera indarra hartzen dute batzuetan; beste batzuetan, ez; eta hainbat kasutan ihartu ere egin izan dira zenbait urtetan, espeziearen arabera. Beraz, jarraipena egitea ezinbestekoa da", dio Altzuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak