Zuhaitz landatzea, bizitza berriengatik

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 27a, 12:15
2021ean, astigarrak landatu zituzten Santa Marina plaza alboko belardian.

2022an, 30 haur jaio ziren Eskoriatzan, eta, beraz, urteroko ohitura jarraituz, zuhaitz landaketa egingo da haur jaioberri horien izenean. Domekan batuko dira, Ibarraundi museoan, eta handik kanposantu ingurura joango dira landaketa egitera.

2022an, 30 haur jaio zien Eskoriatzan, eta haur horien jaiotzak ospatzeko zuhaitzak landatuko dituzte jaioberrien gurasoek, familian, Ibarraundi museotik koordinatuta. 11:00etan batuko dira familiak, Ibarraundin, eta handik kanposantu aldera joango dira zuhaitzak landatzera. Materiala, berriz, Ibarraundi museoak jarriko du, baita zuhaitzak ere.

Tradizio horrekin urteak daramatzate Eskoriatzan, eta, oinarrian, zenbait lurraldetan plazentarekin ere zerikusia du. Izan ere, lehen, organo hori zuhaitzaren sustraien ondoan lurperatzen zen, bereziki emankorra izan zedin. Domekako hitzorduan ez da halakorik egingo, baina, haur baten jaiotza gertakari garrantzitsua denez eta familia hazi egiten denez, zuhaitzak landatuko dituzte, aldaketa horren sinbolo gisa. Gainera, haurra hazi egiten da, baina baita landarea ere, eta, hain zuzen, landatutakoa zaintzeko konpromisoa hartuko dute hitzordura batzen direnek.

Landaketa kanposantu inguruan

Eskoriatzako berdeguneetan landatu izan dituzte mota askotariko landareak azken urteetan: Santa Marina plazako belardian, Ibarraundi alboan… Hala ere, geroz eta leku gutxiago geratzen dira herrian halako landaketak egiteko. "Zuhaitzak landatzeko ez dago leku askorik herrigunean eta aurten kanposantuaren inguruan egingo dugu landaketa", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak. Horrekin batera, zenbait urtez, jaiotako haur bakoitzagatik landare bat landatu izan dute, baina, beste batzuetan egin moduan, taldeka egingo da aurten; hau da, batzen direnen artean zenbait landare landatuko dituzte.

Ingurumenarekiko konpromisoa

Gizarteak ingurumenarekiko konpromisoa sendotzeko ere balio izango du domekako zuhaitz landaketak; izan ere, haurraren jaiotza ingurumen-ekimenarekin lotuko da. Modu horretan, familia udalerriko natura-ondarearen kontzientzian inplikatu nahi dute, eta asmoa da lotura afektiboa lortzea pertsonaren bizitza berriaren eta zuhaitzaren hazkundearen artean.

"Iaz landatu genituen landareak, orokorrean, bizirik daude, baina uda oso gogorra izan da eta orain dela bi urte landatutakoak lehortuta daude. Ez dakit egoerari buelta emango dioten eta landareek indarra hartuko duten. Landatuko ditugun espezieak, betiko moduan, bertakoak izango dira, baina ez dugu zehaztu zer landatuko dugun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak