Bazkaltzeko toki barik, berrasmatu egin behar

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 20a, 11:20
Hamargarren Kinttaden Egunean, zenbait herritar plaza inguruan.

Urte berean jaiotakoak batu, kintada bakoitzak bazkaria egin eta Santa Ageda neska-mutilek herrian festa giroa izateko aitzakian, Kinttaden Eguna ospatuko dute otsailaren 4an; berrikuntza gisa, zenbait herri bazkaria izango da kiroldegian.

Duela hamarkada bat Eingeinke ekimenak jarri zuen martxan Kinttaden Eguna Eskoriatzan. Lehenengo edizioan sekulako arrakasta izan zuen festa egun horrek, baita gainontzekoetan ere. Herrian ondo errotu zen jaieguna eta aurten hamaikagarren edizioa ospatuko dute, otsailaren 4an. Lehenengo ediziotik, zenbait kintadak euren bereizgarria eraman izan dute Kinttaden Egunean: batzuek jaiotako urtea idatzita zapian, beste batzuek kamisetetan, eta beste batzuek ordea, gorbatak edo txapelak eraman izan dituzte ezaugarri gisa, eta aurten ere ikusiko dira horrelakoak.

Sorrerako ildo beretik

Eskoriatzako gazte mugimendua sustatzeaz, herriko gazteen hizkuntza ohituretan eragiteaz eta euskara erabilera indartzeaz batera, inguru ezberdinetako gazteak harremantzeko helburua du Eingeinke ekimenak, eta, abiapuntua hori izanda, hala hasi zen Kinttaden Eguna ospatzen. Oinarrian, Santa Ageda bezperan neska-mutilak kalera ateratzean herrian giroa izateko helburua izan zuen jaiak, baina norbere adinekoekin elkartu, bapo bazkaldu eta eskoriatzarren artean harremantzeko egun seinalatu bihurtu da askorentzat. Hala ere, sorreratik, urte hauetan guztietan ez dute ezer antolatu beharrik izan Eingeinke ekimenekoek; izan ere, eskoriatzarrek euren agendetan ondo apuntatuta duten eguna da eta kintada bakoitzak bere bazkaria antolatzea da egin beharreko gauza bakarra. Hala ere, aurtengo edizioan, Eskoriatzan bazkaltzeko tokia izateko zailtasunak daude.

Leku faltari konponbidea

Badira zenbait kintada urte batetik bestera bazkaltzeko lekua elkarte gastronomiko edo jatetxe berean erreserbatzen dutenak; kintadaren batek edo bestek afaria ere egin izan du, baina, orokorrean, bazkaria izaten da. Hala, belaunaldi askotako eskoriatzarrak batuko diren aurreikuspenaz eta bazkaltzeko leku falta egon daitekeelakoan, zenbait kintadak elkarrekin bazkaltzeko aukera jarri dute Eingeinke ekimenekoek eta Itzartu Gazte Asanbladak: Kinttaden Eguneko herri bazkaria antolatu dute.

Herri bazkaria kiroldegian

Herriko elkarte gastronomikoak eta jaten ematen duten taberna eta jatetxeak jendez beteko direlakoan, Manuel Muñoz kiroldegian herri bazkaria antolatu dute. Bertan belaunaldi askotariko kintadak batzea da asmoa, eta elkarrekin bazkaltzea.

Adin-tarte guztietako herritarrei irekita dago kiroldegian egingo den herri bazkaria eta menua honako hau da: entsalada mistoa, baserriko oilaskoa eta txerri-saiheskia parrillan, Ezeizako pasteltxoak, ogia, kafea eta edariak –prezioa: 23 euro–. Horrekin batera, aukera beganoa eta gluten gabekoa ere izango dela zehaztu dute. Kintaden herri bazkarira joateko interesa dutenentzat, izen-emate orria jarri dute Inkernu tabernan, eta bertan, kintada bakoitzeko bi ordezkarik eman beharko dute izena. Horretarako azken eguna urtarrilaren 24a izango da, eta izena lehenbailehen emateko dei egin dute antolatzaileek, plazak mugatuak direlako.

2005ekoek, dantza

2005ean jaiotako eskoriatzarrak izango dira aurten Santa Ageda neska-mutilak. Hori horrela, ohiturari jarraituz, Santa Ageda egunean dantza egingo dute, otsailaren 5ean. Horrekin batera, hurrengo domekan, hilaren 12an, berriro ere aterako dira plazara dantza egitera. Guztira, 47 lagun izango dira aurtengo kintoak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak