Euskara Elkarteen Federazioak eta Eskoriatzako Udalak finantziatutako Auzoko eta Berbalagun egitasmoak martxa onean doaz. Euskarara gerturatzeko edo euskaraz berba egiteko balio duten programa horiek irailean hasi ziren, eta orain, urtarrilean beste izen emate bat zabaldu dute. Berbalagunen iazko ikasturtean zeuden hiru taldeak mantentzen dira eta Auzokon 21 pertsonak eman dute izena.
Koordinatzailea, pozik
2022az geroztik Berbalagun eta Auzoko egitasmoen koordinatzailea da Nerea Zugasti. Aurtengo ikasturteak orain arte eman duenarekin pozik dago eta emaitza modu positiboan baloratzen du: "Berbalagunen iazko kopurua mantendu egin dugu eta Auzokon 21 pertsona daude. Beraz, datu horiek ikusita emaitza ona dela uste dut". Programa horien arduraduna izatea oso "aberasgarria" dela dio, hark ere "asko" ikasten duela iritzita. Zugastik otsailean urte bat beteko du koordinatzaile. Aurretik, Iratxe Arresek hiru urte eman zituen Berbalagun eta Auzoko egitasmoetako koordinatzaile.
Erdigunean euskara
Euskararen erabilera sustatzeko sortutako egitasmoak izan arren, Auzoko eta Berbalagun bi programa ezberdin dira. Auzoko hizkuntza harrera da eta ikasleek hizkuntzarekin lehen harremana izaten dute. Eskoletan teoria ematen dute, eta, ondoren, jolasen bitartez ikasitakoa praktikan jartzen dute. Berbalagunen, aldiz, euskara praktikatu nahi duten pertsonek eman dute izena. Programa horretan parte hartzen dutenak kafea hartzeko edo pintxo-potea egiteko elkartzen dira eta une oro euskaraz berba egiten dute.
Ekintza ugari
Teoria-eskolez harago, hainbat irteera egin dituzte azkenaldian, euskarara gerturatzeko bi egitasmoak sortu zirenetik egin izan duten moduan. Azkenekoz, santamasetan taldetxo bat batu zen, eta, aurretik, mintza-tonbola izan zuten Eskoriatzan. Ibarraundi museoa ere bisitatu zuten eta Gabonetako afariak ere ez zuen hutsik egin.