Aizkora hartuta egurra ematera, bikoteka

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 5a, 09:40

Oñatiko Zubikoa kiroldegian jokatutako herri kirol erakustaldi bateko irudia.

Domeka honetan, hilak 8, Joseba Iñurrategi pilotalekuan, 12:30ean hasita, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa jokatuko da, batetik; bestetik, Urrezko Harri-jasotze Txapelketa; eta, amaitzeko, emakumezkoen harri-jasotze erakustaldia izango da.

Herri kirolez gozatzeko hitzordua izango da domeka honetan Eskoriatzan. Joseba Iñurrategi pilotalekuan jokatuko den saioan aizkolariak eta harri-jasotzaileak batuko dira euren trebetasunak herritarren erakusteko. Sarrera doan izango da, eta emanaldia ETBk eskainiko du.

Aizkoran, bikoteka

2023ko Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako Eusko Label sariaren barruan jokatuko dute Eskoriatzan Zumarragako Xabier Zalduak eta Sariego herriko David Naredo asturiarrak Eneko Saralegi leitzarraren eta Ibai Soroa arribearraren (Nafarroa) aurka. Izerdi ugari botako dutela argi dago, eta ez soilik aurkariak mendean hartzeko: egin beharrekoa burutzeko ere nahikoa lan. Izan ere, aizkolarien lana 22 enbor moztea izango da, sei izaeratan.

Pago-enborrak izango dira moztu beharko dituztenak, eta horiek mozteko, aizkolariek aizkora bat baino gehiago erabiliko dute proban; hala ere, irabazteko faktore nagusia euren sasoia izango da. Hori horrela, lau aizkolarien artean Zaldua nabarmentzen da gehien. Aizkolari gipuzkoarrak, Euskal Pentatloi Saria hirutan irabazi du eta 2021ean bigarren postua erdietsi zuen Euskadiko Aizkolari Txapelketan. Hala ere, aurkariak ere gogorrak dira. Esaterako, Ibai Soroa Binakako Urrezko Aizkoran 2021eko txapelduna izan zen Txomin Amundarain aizkolariarekin batera.

Lurretik hartu eta sorbaldara

Aizkoraz gain, harria ere izango da protagonista Eskoriatzako Joseba Iñurrategi pilotalekuan. Izan ere, Urrezko Harri-jasotze Txapelketa ere jokatuko da, eta bertan jokatuko dena harri-jasotzaile azkarrago proba izango da. Jokin Eizmendi eta Xabat Olaizola zarauztarrak arituko dira buruz buru, eta erabiliko dituzten harriak honako hauek izango dira: 125 kiloko laukizuzena, 125 kiloko zilindro zaharra, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.

Emakumezkoek, erakustaldia

Txapelketa gain, herri kirol jaialdia borobiltzeko, erakustaldia ere ez da faltako. Izan ere, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga zarauztarrak harri-jasotzean arituko dira. Euren indarraz baliatuz, ondo landutako teknika erabiliz eta inolako lanabes edo mekanismorik erabili gabe arituko dira harriak altxatzen. Altxaldia ontzat emateko, harria sorbaldan orekatu eta gorputzaren aurrealdetik lurreratu beharko dute bi gazteek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak